Dinamika berri bat hasi dute Altsasun (Nafarroa) Gazte Koordinadora Sozialistak eta Altsasuko Gazte Asanbladak. Udal azpiegiturak sozializatu izenpean jarri dute martxan dinamika, eta helburu nagusiak dira, batetik, herrian udal azpiegiturei lotuta jasaten dituzten zenbait arazo salatzea eta, bestetik, arazo horiei aurre egiteko aterabideak mahaira ateratzea.
GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak hainbat arazo identifikatu dituzte udal azpiegiturei dagokienez; besteak beste:
Kalitatezko eta doako azpiegitura unibertsalak
GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak nabarmendu dutenez, "Altsasuko eragile eta norbanako guztioi zuzenean eragiten digu problematika horrek", eta funtsezkotzat jo dute, beraz, "modu antolatuan" aurre egitea.
Orokorrean bizitzen ari garen "pobretze prozesu" orokorrarekin lotu dute "bizitzeko beharrezkoak diren bitartekoak" hainbeste garestitu izana, eta horren guztiaren isla modura kokatu dute, hain zuzen, Altsasuko udal azpiegiturak "erabiltzeko ezintasuna handitu" izana. "Jabetza publikoaren pribatizazio zuzena" ezartzen ari direla eta hori "errentagarritasunaren izenean justifikatzen" dutela salatu dute GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak, eta horren guztiaren ondorio dela "azpiegitura publikoen prezioa modu basatian igo" izana edota "azpiegitura publikoen kalitatea mugatu" izana.
"Kalitatezkoak, doakoak eta unibertsalak" izango diren udal azpiegiturak aldarrikatu dituzte, eta argitu dute "guztion ongizatea bermatuko duen gizarte eredu bat eraikitzea" dela "hori lortzeko modu bakarra".
Asanblada hilaren 21ean
Gogorarazi dute aipatutako arazoak seinalatzeko eta "irtenbideak bilatzeko" jarri dutela martxan Udal azpiegiturak sozializatu dinamika, eta bilera ireki bat antolatu dute datorren maiatzaren 21erako. 12:00etan bilduko dira Altsasuko Foruen plazan, eta bilera horretan dinamikaren "nondik norakoez hitz egitea" nahiz "puntu nagusiak" zehaztea da asmoa.