AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/09 18:46

Dinamika berri bat hasi dute Altsasun (Nafarroa) Gazte Koordinadora Sozialistak eta Altsasuko Gazte Asanbladak. Udal azpiegiturak sozializatu izenpean jarri dute martxan dinamika, eta helburu nagusiak dira, batetik, herrian udal azpiegiturei lotuta jasaten dituzten zenbait arazo salatzea eta, bestetik, arazo horiei aurre egiteko aterabideak mahaira ateratzea.

GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak hainbat arazo identifikatu dituzte udal azpiegiturei dagokienez; besteak beste:

  1. Udal igerilekuak erabiltzeko ordaindu beharreko prezioa igo da; urtean 50 euro ordaindu behar ziren lehen eta, iaztik, 107 eurokoa da urteko kostua. Udan, gainera, itxi egingo dituzte kiroldegiko igerilekuak.
  2. Frontoi publikoak itxi dituztenez, eskolak itxita egoten direnez eta herriko kirol azpiegiturak "oso garestiak" direnez, beste herri batzuetako instalazioak erabili behar izaten dituzte zenbait kiroletan —pilotan edota futbitoan, esaterako— aritu nahi duten altsasuarrek.
  3. Zailtasunak daude Gure Etxea izeneko udal eraikina erabili ahal izateko. "Udalak espazioaren erabateko kontrola hartu du", GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak salatu dutenez, eta azaldu dute udalak une oro dakiela nor sartzen eta irteten den. Horretaz gain, "guztion eskura ez dauden baldintza burokratikoak ezarri dituzte [Gure Etxea eraikineko] espazioak eskatzeko".
  4. "Mahai gainean eta onartuta" dago Altsasun Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenantza aldatzeko eta aparkalekuak ordainarazteko proposamena.
  5. "Egoera penagarrian" dago Altsasuko Auzolan taldeak erabiltzen duen lokala.
  6. "Txiki geratu da" udal liburutegia, eta ez daude bermatuta "ikasketarako baldintza egokiak". Goizetan itxita egoten da gainera, "eta jendeak ez du ikasteko espaziorik".
  7. "Musikariek, antzerkilariek eta kirol taldeek espazioarekin arazoak dituzte", oro har.

Kalitatezko eta doako azpiegitura unibertsalak

GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak nabarmendu dutenez, "Altsasuko eragile eta norbanako guztioi zuzenean eragiten digu problematika horrek", eta funtsezkotzat jo dute, beraz, "modu antolatuan" aurre egitea.

Orokorrean bizitzen ari garen "pobretze prozesu" orokorrarekin lotu dute "bizitzeko beharrezkoak diren bitartekoak" hainbeste garestitu izana, eta horren guztiaren isla modura kokatu dute, hain zuzen, Altsasuko udal azpiegiturak "erabiltzeko ezintasuna handitu" izana. "Jabetza publikoaren pribatizazio zuzena" ezartzen ari direla eta hori "errentagarritasunaren izenean justifikatzen" dutela salatu dute GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak, eta horren guztiaren ondorio dela "azpiegitura publikoen prezioa modu basatian igo" izana edota "azpiegitura publikoen kalitatea mugatu" izana.

"Kalitatezkoak, doakoak eta unibertsalak" izango diren udal azpiegiturak aldarrikatu dituzte, eta argitu dute "guztion ongizatea bermatuko duen gizarte eredu bat eraikitzea" dela "hori lortzeko modu bakarra".

Asanblada hilaren 21ean

Gogorarazi dute aipatutako arazoak seinalatzeko eta "irtenbideak bilatzeko" jarri dutela martxan Udal azpiegiturak sozializatu dinamika, eta bilera ireki bat antolatu dute datorren maiatzaren 21erako. 12:00etan bilduko dira Altsasuko Foruen plazan, eta bilera horretan dinamikaren "nondik norakoez hitz egitea" nahiz "puntu nagusiak" zehaztea da asmoa.

EZ DAGO IRUZKINIK