Tubacexeko langile batzordeak eta zuzendaritzak atzo izan zuten aldi baterako lan-erregulazio espedientea (ERTE) luzatzeko negoziazioen azken bilera, baina akordiorik gabe amaitu da negoziazio epea. Langile batzordeak 2024ra arte enpleguari eustea eskatzen zuen, aldi baterako lan-erregulazio espedientea luzatuz, baita EAEko Justizia Auzitegiak baliogabetzat jotako 129 kaleratzeen auzian zuzendaritzak helegiterik ez jartzea ere.
Enpresak ez du halakorik onartu, eta langile batzordeak ez du ontzat jo zuzendaritzaren proposamena. Azken eskaintzan, langile guztiei %70eko murrizketa ezartzea proposatu zuen zuzendaritzak.
Akordiorik gabe, zuzendaritzaren esku legoke orain aldi baterako lan-erregulazio espedienterako baldintzak ezartzea, Laudioko eta Amurrioko (Araba) lantegietan. Espainiako Auzitegi Gorenean helegiterik ez jartzeko eskaria, gainera, "xantaiatzat" jo du zuzendaritzak. Tubacexeko langileek 210 egun daramatzate greban.