"Desokupa bezalako antolakunde faxistek erabiltzen dituzten metodo berak erabiltzen ari da Tolosako Udaltzaingoa", salatu du Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Izan ere, Tolosako (Gipuzkoa) Mixerikordiko etxetik hainbat pertsona bota nahi ditu udalak, aurretik ere salatu izan duten bezala. Udalaren jabetzakoa da eraikina, eta hainbat pertsona bizi dira bertan gaur egun.
Atzo goizean, inolako agindu judizialik izan gabe, udaltzainek etxearen kanpoaldean gelditu zituzten bertan bizi diren hainbat pertsona, eta ez zieten eraikinera sartzen utzi. Euren gauzak kanpora atera zituzten, gainera. Hori gutxi balitz, une horretan, Poliziak etxean giltzapeturik utzi zituen bertan bizi diren beste lagun batzuk, kate batekin itxi baitzuen eraikineko sarrera bakarra.
Tolosako udal gobernua (EH Bildu) seinalatu du Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak, halako praktikak udal jabetza batean "inpunitatez" gauzatzeko "testuingurua sortzen" ari delako, eta ez duelako Mixerikordiko etxean bizi diren pertsonei bizitoki-alternatiba bat bermatzeko "inolako borondaterik".