Joan den asteartean, Sidenor enpresak Basaurin (Bizkaia) dituen bulegoak miatu zituen Espainiako Poliziak, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Zabalik dago euskal enpresa horrek Israeli egindako altzairu-salmentei buruzko ikerketa judiziala, eta horren barruan agindu zuen miaketa Francisco de Jorge epaileak. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, baina, arakatze hori baliogabetu dadila eskatu du, argudiatuta "oinarri legalik gabe" ekiten ari direla auzian.
Sidenorreko presidente Jose Antonio Jainaga eta konpainiako beste bi enpresaburu daude ikerketapean, "kontrabandoagatik" eta "gizateriaren aurkako krimenekiko konplizitateagatik": izan ere, milaka tona altzairu saldu dizkio Israel Military Industries (IMSI) enpresari, material hori "armamentua ekoizteko zela jakinda". Kataluniako Komunitate Palestinarrak aurkeztutako kereila bat izan zen auziaren abiapuntua, eta hiru enpresaburuek iazko azaroan deklaratu zuten epailearen aurrean.
Astearteko miaketen ondoren, dena den, ikerketaren nondik norakoak kritikatu ditu Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Esan du kausa "kontrabandoa" izan ote zen edo ez ikertzera mugatu beharko litzatekeela, argudiatuta gizateriaren aurkako delituak "tratu bidegabea" jasan duen norbaitek edo Ministerio Fiskalak berak salatu behar dituela.
Bizkaiko enpresak 2024tik 2025era bitartean Israeli egindako altzairu-salmentak daude jopuntuan ikerketa judizialean; hain zuzen ere, 2024ko abuztutik aurrera estatu sionistari saldutako 1.207 altzairu-tonak. Hala ere, aurretik ere hainbat dokumentu judizialek erakutsi dute Sidenorrek masiboki saldu diola materiala Israeli: 2023ko azarotik, 30 bidalketa baino gehiago gauzatu zituen, eta 2025eko ekainera bitartean gutxienez mantendu zuen negozio hori.