Sei preso politikok asteroko baraualdiak hasi dituzte, Maria Jose Bañosekin elkartasunez

Marcos Martin Poncek, Urriaren Lehena Erresistentzia Antifaxistako Taldeetako (GRAPO) preso politikoak, gose-greba mugagabea hasi zuen joan den astelehenean A Lamako (Pontevedra, Galiza) espetxean, Maria Jose Baños Andujar bere kidea berehala ospitalera eraman dezatela exijitzeko. Espetxe-administrazioak laguntza medikoa ukatu dio preso politikoari, egoera larrian dagoen arren.

Beste sei preso politikok egin dute bat aldarri horrekin, eta baraualdiak egingo dituzte astero: Victoria Gomez eta Juan Garcia, biak PCEkoak (r); Israel Torralba eta Nacho Varela, GRAPOko presoak haiek ere; eta Daniel Pastor eta Patxi Ruiz, euskal preso politikoak. Ruizek otsailaren 25ean egin zuen baraualdia, asteazkenean zabaldutako ohar baten arabera.

"Erabaki politiko kontzientea"

Espetxeratutako antifaxisten aurka sarraski-politika aplikatzea leporatzen diote Espainiako Estatuari, behar bezalako mediku-arreta ukatzeagatik eta urraketa hori zigor- eta presio-mekanismo gisa erabiltzeagatik. Socorro Rojo Internacionalek (SRI) salatu bezala, Bañosen egoera (hamasei urte baino gehiago daramatza kartzelan) larriagotu egin da azken hilabeteetan, espetxe-administrazioak behin eta berriz egin baitio uko presoa ospitalera eramateari, nahiz eta bere koadro klinikoak urgentziaz eskatzen duen hori.

SRIren esanetan, hori ez da "akats administratibo" bat, ezta arduragabekeria kasu isolatu bat ere, baizik eta "erabaki politiko kontziente" bat, Espetxe Erregelamendua urratzen duena eta osasunerako oinarrizko eskubidea ezeztatzen duena. Nazioarteko dozenaka legelarik salatu dute egoera.

"Marijose ospitalera anbulantzian eramatea bezain gauza sinplea"

Preso politiko solidario batzuek asteroko baraualdiei ekin diete, Maria Jose Baños aske utz dezatela eta ospitalera eraman dezatela eskatzeko. Marcos Martin Poncek gose-greba mugagabea egitea erabaki du, "Marijose ospitalera anbulantzian eramatea bezain gauza sinplea" exijitzeko. Espetxe-praktika horiek "historiako aurrerakoiena dela aldarrikatzen duen gobernu baten pean" izaten ari direla salatzen dute, eta preso politikoei laguntza medikoa ukatuz, gobernuak haiei heriotza-zigorra ezartzea onartzen duela uste dute. Estatuari, gobernuari eta espetxe-administrazioari zuzenean egozten diete Bañosen osasunaren larriagotzea, baita Martin Poncek bere gose-greban zehar jasan ditzakeen ondorio fisikoen erantzukizuna ere.

Baños Andujarrek behin eta berriz salatu ditu Murtzia II kartzelan pairatzen dituen salbuespenezko baldintzak, baita osasun-arreta egoki baten faltak eragindako kaltea larriak ere, agintaritzak "bereziki arriskutsutzat" jotzen dituzten presoekiko espetxe-erregimena gogortzen ari diren honetan. SRIk "elkartasun aktiborako, salaketa publikorako eta mobilizaziorako" deia egin du, gobernuari presioa egiteko eta Maria Jose berehala ospitalera eraman dezatela lortzeko, osasun-berme guztiekin. "Modu kontsekuentean borrokatu du gure eskubideen alde, orain eman dezagun aurpegia haren alde! ", aldarrikatu dute gainerako presoek eta babes-kolektiboek.

Marcos Martin Poncek gose-greban jarraituko du bere kideak behar duen arreta medikoa jaso arte. Hori dela eta, kartzelara hots egiteko (968 65 78 01) deialdia egin dute jendartean, Maria Joseren eta Marcosen bizitzak arriskuan daudela ohartarazteko.