ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/27 11:52

Lehenik negozio turistikoa, gero etxebizitza-alternatibak. Modu horretan laburbildu dute auzia Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Haritu Etxebizitza Sindikatuak. Joan den apirilean agerraldi bat egin zuten: udalak aldi baterako ostatu egonaldiak eskaintzen dizkie etxegabetutako familiei eta pertsonei, baina programa horren gabeziak eta arazoak salatu zituzten bi sindikatuek.

Hori guztia, gainera, larriagotzen ari da sanferminen atarian, gaur bertan jakinarazi dutenez. Izan ere, beste urte batzuetan egin bezala, jaietan udalak itxi egingo du etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxe bakarra, eta Nafarroako beste herri batzuetara mugitzera behartuko dituzte bertan daudenak. "Arazoa Iruñetik kanpora lekualdatzen dute jaiek iraun bitartean", seinalatu dute Etxebizitza Sindikatuetako kideek.

Hoteletatik ere kanporatuak

Hori gutxi balitz, nahiz eta udalak zenbait hoteletara bideratu dituen etxebizitza-alternatibarik ez duten hainbat familia eta lagun, horietatik botako dituzte festak direla-eta; "kasu batzuetan beste bizitoki-alternatiba batzuetara eramateko eta, beste kasu batzuetan, zuzenean kale gorrian uzteko".

Gainera, "azken unera arte itxaron dute kaltetuei euren hurrengo bizilekua zein izango den jakinarazteko", Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eta Harituren esanetan. "Pertsona batzuek oraindik ez dakite zer izango den euren etorkizunaz", diote.

Negozioa lehenengo

"Turismo-negozioa eta horrek sortzen duen onura ekonomikoa lehenesten dira egoera ekonomiko okerrenean dauden pertsonen premien aurrean", ohartarazi dute: "Egoera ekonomiko zailenean direnen beharrei inongo arretarik jarri ez eta, aldi berean, festei probetxua ateratzen dieten askotariko eragileen irabaziak lehenesten dira". Uste dute horrek erakusten duela "nola kudeatzen duten miseria instituzio publikoek beti irabazi kapitalisten mesedetan, eta inoiz ez horren kontura".

"Bizitoki-alternatibak deritzenak, neurri handi batean, hotel-enpresekin egindako akordioak dira", ondorioztatu dute. "Behe-denboraldian, etxegabetutako pertsonekin betetzen dituzte logelak", eta "koordainketa sistema baten bidez" egiten dizkiete ordainketak hotelei. "Orain, ordea, sanferminen atarian, hoteletatik botatzen dituzte, gela horiek turismoaren zerbitzura jartzeko eta beren irabaziak handitzeko", salatu dute bi sindikatuek.

Gogorarazi dute "etxebizitzaren eta turismoaren negozioak milaka pertsona kanporatzen" dituela egunero euren etxeetatik, eta "erakunde burgesak arazo hori arintzen saiatzen direnean", "negozio hori bera bultzatzen" dutela beti.

Exijentzia udalari

Hori guztia azalduta, Etxebizitza Sindikatuek exijentzia bat egin diote EH Bildu buru duen Iruñeko Udalari: "Kaltetutako pertsona guztientzako kalitatezko etxebizitza-alternatiba iraunkorra berma dezala eta, batez ere, ez dadila inor kale gorrian geratu".

"Ezin dugu onartu turismoaren negozioak hamaika pertsonaren ezegonkortasuna are gehiago larriagotzea. Ezin dugu onartu horietako asko leku batetik bestera mugitzea, zein ogi-apur emango dieten ere jakin gabe, eta beste horrenbeste kale gorrian uztea", gaineratu dute.

Ezetz esan diote, hortaz, "instituzioek etxebizitzaren negozioarekin duten konplizitateari", eta "kalitatezko alternatiba iraunkorrak" aldarrikatu dituzte.

NO HAY COMENTARIOS