AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gedar
2024/04/12 13:08

Iruñerrian (Nafarroa) "gero eta handiagoa den arazo bat salatzeko" batu dira gaur, ostirala, Haritu Etxebizitza Sindikatua eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Azaldu dutenez, azken hilabeteetan hainbat pertsonak jo dute bi etxebizitza sindikatuengana, Iruñeko Udalak aldi baterako eskaintzen dituen hotel eta ostatu egonaldiei lotutako arazoak direla eta. Udalak "etxebizitza-alternatibarik gabeko familiak eta pertsonak" bideratzen ditu "Ostatuetan Sartzeko Programa" delakora, epe jakin batez. Hainbat gabezia eta arazo identifikatu dituzte, dena den, aipatutako sindikatuek.

Establezimenduetan aurkitutako egoerak

Sei egoera ezberdin salatu dituzte gaurko agerraldian. Lehenik, "hiru kideko familiak bainugela bat duen logela bakarrean bizitzera behartuta" daudela eta, lau kide izanez gero, bi logela izateko gehiago ordaindu behar dutela azaldu dute. Bigarrenik, eta aurrekoari hertsiki loturik, "espazio gabeziak intimitatea ez izatea" edota "ikasteko zailtasuna" dakartzala jakinarazi dute.

Hirugarrenik, establezimenduetako logelek sukalderik ez dutenez, ez dago janaria prestatzeko aukerarik. Horrela, aurretiaz prestatutako elikagaiak jatera behartuta daude familia horiek, "elikaduraren kalitatea" kaltetuz eta kostu ekonomikoa handituz, "elikadurarako prestaziorik jasotzen ez duten bitartean". Laugarrenik, sukaldea ez ezik, garbigailua edota hozkailua bezalako ekipamendu oinarrizkoen falta ere seinalatu dute sindikatuek.

Bosgarrenik, ohartarazi dute udalak ez duela kontuan hartzen familiek "auzo zein herri" jakin batekiko izan dezaketen "errotzea". Sindikatuek ulertzera eman dute, gainera, udalak berak ez duela errespetatzen ordenantzan zehaztutako epemuga. Antza, sei hilabete igaro dituzte egoera horretan familia batzuek, "nahiz eta udal ordenantzak ezartzen duen, oro har, ezin izango dela establezimendu mota horietan hilabete baino gehiago pasatu, bestelako baliabiderik eskaini gabe".  

Haritu Etxebizitza Sindikatuak eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, beraz, udalaren ustezko alternatiben "miseriazko izaera" gaitzetsi dute; besteak beste, "kalitate txarragatik", "ezegonkortasunagatik", "kontrol mekanismoengatik" edota "kostu ekonomikoarengatik".

Ikusezin bilakatutako errealitatea

Sindikatuek azaldu bezala, familia bat "etxegabetua denean, hedabideek errepikatu ohi dute 'alternatiba bat eskaini zaiela' eta [...] iritzi publikoak pentsa dezake pertsona horien sufrimenduak konponbidea aurkitu duela". Errealitatea, ordea, "oso ezberdina" dela ohartarazi dute. Lankidetza "publiko-pribatuen bitartez bultzatzen diren" alternatibak "eskasak" eta kalitate "txarrekoak" direla diote; eta, hala, enpresa pribatuen "irabaziei mesede egiten" zaiela, "jendearen miseriaren kontura".

Langile-klasearen bizi-baldintzen kaskartzearen konponbidea, politika instituzionaletik at

Etxebizitzaren arazoaren erroa "langile-klasearen bizi-baldintzen etengabeko kaskartzea" dela adierazi dute sindikatuek. Horren ondoriotzat jo dituzte "etxegabetzeen errealitatea" zein "etxerik gabeko pertsonen" egoera, bai eta azken urteotan ezarritako moratoriak erakutsi duen ezintasuna ere. Izan ere, errealitatean, "gizarte-zerbitzuak kolapsatuta daudela" eta "baliabiderik ez dutela" oroitarazi dute Iruñerriko sindikatuek.

Instituzio publikoek euren neurrien inguruan egiten dituzten "adierazpen triunfalistak" kolokan jarri dituzte, horiei kontrajarrita baitago etxegabetuak izan diren familien errealitatea. Zentzu horretan, halako adierazpen faltsuek "erreforma instituzionalen bitartez arazoa konpontzeko aukeraren ilusio faltsua elikatzen" dutela iritzi diote sindikatuek, eta gaineratu dute, "etxebizitza merkantzia den bitartean", bere horretan jarraituko duela arazoak.

"Instituzioek egin dezaketenetik harago doazen egiturazko aldaketak" beharrezkoak direla nabarmendu dute agerraldian. Izan ere, aterpetxeetan eta ostatuetan "dozenaka plaza eskaintzea" nahikoa ez dela eta etxebizitza-alternatibak "kalitatezkoak eta kontrapartida ekonomiko zein burokratikorik gabeak" izan behar direla uste dute. "Instituzioen ogi-apurren aurrean, elkartasunaren, antolakuntzaren eta borrokaren alde" egiteko konpromisoa azaldu dute, hortaz, bi sindikatuek: aldarrikatu dute horixe dela "kalitatezko etxebizitza-alternatibak bermatzeko" modu bakarra.

EZ DAGO IRUZKINIK