ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / @saderprokanpora
2024/11/14 09:24

Eusko Jaurlaritzak, Sader eta Profersa enpresetako hondakin arriskutsuei muga jarri beharrean, %40 handitu du korporazio horien "tratamendu-gaitasuna", Bilboko (Bizkaia) Auzo Elkarteen Federazioak seinalatu duenez. Protesta batera deitu zuen atzo arratsalderako, Bilboko udaletxe aurrean, azken hamabost urteetan bi enpresek izan duten jardun kutsatzailea salatzeko eta bi lantokiak hiritik atera ditzatela exijitzeko.

Saderrek hondakinak kudeatzeko zerbitzua eskaintzen du (hondakin toxikoak tratatzen ditu besteak beste), eta Profersak, berriz, ongarriak egiten ditu. Aipatutako federazioaren arabera, Saderrek 967 tona hondakin arriskutsu tratatu zituen iaz, baina Jaurlaritzak "konpainia saritu du", bere jarduera-gaitasuna areagotuz. Izan ere, hondakin arriskutsuak tratatzeko gaitasun handiagoa eman dio; "ur toxikoen, bainu azidoen eta zabor arriskutsuen 30.000 tona gehiago" landu ahal izango ditu, kolektiboak nabarmendu duenez.

"Egunero zaborra arnastuz itotzen gara", federazioaren esanetan, eta seinalatutako bi enpresak "lekualdatu beharrean, bete ez den adina aldiz hitzemandako zerbait, hondakin arriskutsuak ekartzen jarraitzen dugu Bilboren bihotzera". Osasun-eskubideak defendatzen jarraituko duela ohartarazi du, "hirigunetik Sader eta Profersa atera arte". 4.000 sinadura aurkeztu ditu, Sader eta Profersa tokiz mugi ditzatela exijitzeko.

Bilboren bihotzean

Agaelus enpresa-taldearen parte dira Sader eta Profersa, eta Zorrotzan daude biak, hiriaren erdiguneko industrialde zaharrean. Biak ala biak kutsadura eragiteagatik ikertuak izaten ari dira. Profersaren lantokiak, adibidez, hilabete batzuk eman ditu itxita aurten, apirilaren 26an eta maiatzaren 11n isurketa kutsakorrak egiteagatik. Ondorioz, ongarriak ekoizteko nitrosulfatoa erabiltzea debekatu zioten enpresari.

Sader, halaber, hondakinen kudeaketa okerra egiteagatik ari dira ikertzen. Donostiako (Gipuzkoa) epaitegiak ireki zuen ikerketa, CMG-I lantokiko eta Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiko isurketak zirela-eta. Bilbon, bestalde, Saderrek baimendutakoa baino hondakin gehiago tratatzen dituelako susmoa dago. 79.140 tona tratatzeko baimena zuen Zorrotzako lantegiak 2022an eta 2023an, baina hori baino %9 gehiago tratatu zituen 2022an eta 2023an, gutxienez.

NO HAY COMENTARIOS