ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / AFP
2024/05/07 11:19

Joan den apirilean esan zuen Benjamin Netanyahuk ezarrita zegoela okupazio-indar sionistak Rafahra sartzeko data, eta mehatxuak bete dituzte jada. Agintaritza sionistek atzo bertan agindu zieten palestinarrei Rafahtik alde egin zezatela, ohartarazita "gradualki" kanporatuko dituztela hiriaren ekialdetik eta "muturreko indar bat" erabiliko dutela euren kontra. Mehatxu masiboa egin ostean eta zonaldean bonbardaketak areagotu ondoren, operazio militarrari ekin dio jada Israelgo Estatu genozidak.

Indar militar sionistak bart sartu dira Rafahra, erasoaldi gogor baten bidez: besteak beste gerra-hegazkinak erabilita bonbardatu dituzte palestinarrak lehenengo, eta lurretik sartu dira gero, tankeak baliatuta. Hainbat pertsona erail dituzte operazioaren hasieran; itxura denez, Palestinako erresistentziako hainbat kide nahiz beste hainbat palestinar, etxebizitzen kontrako bonbardaketetan.

Zenbait iturriren arabera, Rafahko pasagunearen alde palestinarra kontrolpean daukate jada indar terrorista sionistek. Mugako pasabidea blokeatuta eta itxita daukate, tankeekin (bertatik heltzen zen, nagusiki, palestinarrentzako laguntza humanitarioa). Gazako Zerrendaren hegoaldean dago Rafahko pasagunea, eta Zerrenda eta Egipto lotzen ditu.

Presioa elkarrizketetan

Badira hilabete batzuk balizko su-eten baten inguruko elkarrizketak hasi zirela. Hamasek berriki esan du onartu egingo zuela Egiptok eta Qatarrek egindako azken proposamena (hiru fasetan bereizitako tregoa bat eta bahitu batzuen trukea barne hartzen ditu), baina hura atzera bota du Israelgo Estatuak. Hala ere, Rafahko operazio odoltsua martxan jarrita eta palestinar erresistentziaren kontrako presioa handituta, "negoziatzen" jarraitu nahi duela esan du estatu terroristak.

1,5 milioi errefuxiatu, sarraskitik ihesi

Kalkuluen arabera, 1,5 milioi palestinar errefuxiatu inguru daude Rafahn, erdia Gaza hirikoak. Iazko udazkenean, Zerrendaren iparraldean hasi zituzten eraso militarrik gogorrenak sionistek, eta, orduan, hegoalderaka egin behar izan zuten ihes milaka eta milaka palestinarrek; hala nola, Rafahra.

Urriaren 7tik hona, ia 35.000 palestinar erail dituzte sionistek Gazako Zerrendan, eta 78.000 inguru zauritu dituzte.

NO HAY COMENTARIOS