AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Morocco World News
2024/05/06 11:35

Beste behin ere, badirudi euren mehatxuak beteko dituztela sionistek: itxura denez, laster sartuko dira indarrez Rafahra, lurretik. Astelehen honetan bertan argitaratutako informazioen arabera, Rafahtik "berehala" alde egin dezatela agindu die palestinarrei Israelgo Armadak. Militar sionistek "gradualki" kanporatuko dituzte palestinarrak hiriaren ekialdetik, Al Mawasi ingurura joatera behartzeko.

Armada sionista terroristak mehatxu argi bat egin du, gainera: "muturreko indar bat" erabiliko duela esan du. Ondokoa plazaratu du Israelgo Armadako bozeramaileetako batek, Avichai Adraik, X sare sozialean: "Dei urgente bat Al Shuka herrian eta Al Salam, Al Jeneina, Tabbat Ziraa eta Al Byuk auzoetan bizi diren eta horietara tokialdatu diren guztiei: orain arte egin duten bezala, Israelgo Defentsa Indarrek [FDI, ingelesezko sigletan] muturreko indarra erabiliko dute erakunde terroristen aurka, horiek bizi diren eremuetan".

Hala, euren etxeak eta lurrak utz ditzatela eta Al Mawasira mugi daitezela esan diete palestinarrei. Sionistek esan dute, ustez, kostaldeko zona horretan areagotu egingo dutela "eremu humanitario segurua". Dena den, orain arte ere "eremu humanitario segurutzat" jo duten arren, sionistek etengabe bonbardatu dute Al Mawasi ingurua, inolako bereizketarik gabe. Duela ordu gutxi bonbardatu dute zonaldea.

Palestinarrak pixkanaka-pixkanaka Rafahtik botatzeko, orain arteko biolentziaz gain, askotariko baliabideak erabiliko omen dituzte sionistek. Palestinarren kontrako mehatxu-mezuak zabalduko dituzte, besteak beste, SMS mezuen bidez, eskuorrien bidez, telefono deien bidez edota telebista-kateen bidez.

1,5 milioi errefuxiatu Rafahn

Gazako Zerrendaren hegoaldean dago Rafah. Iazko udazkenean, Zerrendaren iparraldean hasi zituzten eraso militarrik gogorrenak sionistek, eta, orduan, hegoalderaka egin behar izan zuten ihes milaka eta milaka palestinarrek. Azken estimazioen arabera, 1,5 milioi palestinar errefuxiatu inguru daude Rafahn (erdia Gaza hirikoak), aurretik bertan bizi ziren guztiez gain. Hortaz, hamaika aldiz ohartarazi dute sionisten oldarraldi militarra hara hedatzeak neurririk gabe gordinduko lukeela jada sei hilabetez luzatu den genozidioa.

Bitartean, Zerrendaren iparraldea erabat sarraskituta mantentzen dute sionistek. "Ohartarazi nahi dugu Gaza hiria borrokarako gune arriskutsua dela oraindik. Ez itzuli iparraldera. Ekialdeko eta hegoaldeko segurtasun-hesira ez hurbiltzeko esaten dizuegu" esan du berriki Adrai bozeramaileak berak, palestinarrei mintzatuta.

Ikara eragiten dute azken sei hilabeteetako sarraskiak utzitako datuek. Urriaren 7tik hona, gutxienez 34.683 palestinar erail dituzte sionistek Gazako Zerrendan, eta 78.000 inguru zauritu dituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK