ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / EH Bildu
2025/12/03 12:43

EH Bilduko buru Arnaldo Otegik modu publikoan zuritu nahi izan du berriz PSOE estatu-alderdia, azken hilabeteetako eskandaluen harira. Cerdan auzia deiturikoari dagokionez, hau da, PSOEren ustelkeria sistematikoa berriz ere agerian utzi duen azken auziari dagokionez, argi hitz egin du Otegik: eskuinak eta eskuin muturrak PSOEren kontra abiatutako "gerra juridikoaren" ("lawfare") barruan kokatu du ustelkeria kasu horren plazaratzea ("gezurrak" izan direla ere iradoki du), eta esan du horren helburua dela PSOE "78ko erregimenera itzultzea", ulertzera emanez noizbait erregimen horretatik kanpo egon dela.

Hala sakondu du EH Bilduko idazkari nagusiak La Cafetera-n: "Batzuk oso urduri daude, eta PSOE itzularazi nahi dute PPrekin egindako itun handietara. Eta, horretarako, gezurrak ere erabiliko dituzte. Ustelkeriari irmotasun osoz egin behar zaio aurre. Baina ezin dugu ahaztu operazio bat dagoela martxan, PSOE berreskuratzeko eta 78ko itunen bidean berriro sartzeko".

Bestalde, argitara atera diren azken informazioei lotuta, Otegik berriz ukatu du ezkutuan Pedro Sanchezekin bildu izana: "Bere garaian, Santos Cerdan ezagutzen nuela esan nuen, eta, aldi berean, Pedro Sanchezekin ez dudala kontakturik izan ez fisikoki ez telefonoz. Ez nuke horretarako eragozpenik izango, baina ez da egia. Dena estrategia kolpista baten parte da". Dena den, onartu du bere momentuan Jesus Egigurenekin (PSOE), Jose Maria Aznarrekin (PP) edo Ricardo Martirekin (Segurtasuneko Estatu Idazkari ohia Espainian) harremanetan egon izana.

Fiskal nagusiaren aurkako kondena, Batasunaren ilegalizazioaren pare

EH Bilduk ez ditu, hala ere, Cerdan auzia-ren bueltan soilik defendatu PSOE eta bestelako estatu-egiturak, eskuinaren lawfare baten justifikazioa elikatuta. Esaterako, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den hilean kondenatu zuen Espainiako Estatuko fiskal nagusia, "sekretuak ezagutaraztea" leporatuta: bi urteko inhabilitazioa ezartzeaz gain, Garcia Ortizek kalte-ordainak eman beharko dizkio Isabel Diaz Ayusoren (PP) bikotekide Alberto Gonzalezi, haren inguruko ustelkeria-zantzuak seinalatzeagatik.

Fiskal nagusiaren kontrako kondena dela-eta, eskuinaren "operazio" bat aipatu du berriki Aizpuruak berak, UCO barruan zein Espainiako Estatuko judikaturan eskuinak eta ultraeskuinak duten botere nabarmena seinalatuz. Hala ere, askoz harago eraman du auzia Joseba Permachek, Sorturen Iratzar fundazioko kideak: X sare sozialean egindako argitalpen batean, maila berean jarri ditu Espainiako Estatuko fiskal nagusiaren aurkako zigorra, Batasunaren ilegalizazioa eta procés-eko sententzia.

NO HAY COMENTARIOS