ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/21 17:31

Joan den larunbat gauean, PSOE eta EAJ alderdiak markatu zituzten Euskal Herrian, Israelgo Estatuarekin duten konplizitatea salatzeko. Margoketak egin zituzten Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arduradun nagusien hainbat egoitzatan: "Sionismoaren konplize, Palestina askatu", "Israelekin harremanak eten" eta abar irakur zitezkeen.

Pintaketez gain, eskuorriak jarri eta bota dituzte sionisten konplize horien egoitzetan. "Palestinarekiko elkartasunarekin batera, ezinbestekoa da Israelekin eta sionismoarekin konplizitateak dituzten alderdi politikoak seinalatzea. Horienganako presioa handitzeko garaia da. Ez diezaiegun aurpegia garbitu!", zioten eskuorriek, besteak beste.

Eskuorrietan, bi alderdiei leporatu diete Palestinaren alde mobilizatzeko deia egitea eta, bitartean, Israelgo Estatuaren eskutik aritzea, hainbat modutan. Esaterako, gogorarazi dute Jaurlaritzak harreman diplomatikoak dituela estatu sionistarekin, eta "okupatutako lurraldeak lotzeko trena egiten ari den CAFen akzioduna" dela. Horretaz gain, "Ertzaintza Israelen trebatzen" da eta kontrolerako askotariko sistemak erosten dizkie sionistei, hala nola kamerak edota mikrofonoak.

PSOEren kasuan, asteburuan banatutako eskuorrietan ohartarazi dutenez, Espainiako Gobernuak milioi bat euroko arma-esportazioak egin dizkio estatu sionistari iazko urritik, eta bera da "Europar Batasunean Israeli gehien esportatzen dion herrialdeetako bat". Gainera, "Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean bertako ikasleen aurka suzko arma atera zuen Mossadeko kide bat babesten ari dira Espainiako Gobernua eta bere Polizia", idatzian nabarmentzen denez.

Euskal Herrian etengabe gertatzen ari den modura, bai margoketen bidez bai eskuorrien bidez, exijentzia argi bat egin diete EAJri eta Espainiako Gobernuari: "hipokrisia" alde batera utzi eta sionistekin harreman oro moztu dezatela.

Gazako bost familia, arriskuan Gasteizen

Aurreko astean agerraldi bat egin zuten Gasteizen (Araba) Euskal Herrira etorritako bost familia gazatarrek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistarekin (EHKS) batera. Egin zuten salaketak zuzenean seinalatzen zuen Espainiako Gobernua, baina baita EAEko erakunde publikoak ere.

Espainiako Gobernuak iazko azaroan aberriratu zituen Gazako bost familiak, baina, hori dela-eta sekulako autopropaganda egin eta Espainiaratutako palestinarrekin "argazkia atera" ostean, erabat abandonaturik utzi zituzten. Gaur-gaurkoz, kale gorrian geratzeko arriskuan daude.

Ez PSOEren gobernuak, ez Jaurlaritzak, ez Gasteizko Udalak ez die bost familia palestinarrei inolako etxebizitza-alternatibarik ziurtatu, eta etenik gabe lekualdatu dituzte; ostatu pribatuetara zein aterpetxeetara. Urriaren amaieran kanporatu behar zituzten gaur egun erabiltzen duten aterpetxetik. Luzapen bat eman diete azkenean, baina abenduaren bukaerera arte besterik ez. Ez diete, oraingoz, behin betiko bizitoki-alternatibarik eskaini.

NO HAY COMENTARIOS