Joan den ostegunean, urtarrilaren 6an, gizon batek bortxatu egin zuela salatu zuen emakume batek Portugaleten (Bizkaia). Duela hilabetetik ezagutzen dute elkar berak eta bortxatzaileak. Udaltzainen polizia-etxean jakinarazi zuenez, elkarrekin paseo bat eman ostean, bere etxebizitzara igotzea proposatu zion gizonak, eta han behartu zuen gero sexu-harremanak izatera.
37 urte ditu erasotzaileak, eta ostegunean bertan atxilotu zuten.
Beste bi eraso Barakaldon eta Gasteizen
Egun berdinean, beste bi erasoren berri eman zuten Barakaldon (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba). Batetik, gizon batek bikotekide ohiari eraso zion Barakaldon partekatzen duten etxebizitzan; bien alaba adingabea ere haiekin bizi da han. Erasoa gertatu eta hainbat ordura salatu zuen gertatutakoa emakumeak, eta azaldu zuenez, jarraituak dira mutil lagun ohiaren partetik jasaten dituen tratu txarrak.
Aurreko ostegunean, bestalde, neska lagunari eraso zion gizon batek Gasteizko Koroatze auzoko taberna batean, 19:00ak aldera. Bi erasotzaileak atxilotu zituzten egunean bertan.
Berriki eraso matxista gehiago atera dira argitara, hain justu, bi herri horietan: Gasteizen, guztira, hiru gizon atxilotu dituzte indarkeria matxista dela-eta urtea hasi zenetik; Barakaldon, gizon batek emakume bat erasotu zuen taberna batean joan den urtarrilaren 2an.