Presoen eskubideen defentsan eta jasotako mehatxuen aurrean, gose eta egarri grebarekin aurrera doa Patxi Ruiz preso politikoa, eta hamargarren eguna beteko du gaur. AAEAMek azaldu duenez, ikusmenean nahiz loan eragina nabaritzen hasia da dagoeneko, eta nekeaz gain, min handia du giltzurrunean. Atzo Murtzia II-ko 10. modulura lekualdatu bazuten ere, erizaina bertaratzean baino ez da ziegatik irteten.
Txantrearraren abokatuen esku-hartzea medio, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak auto bat atera zuen argitara atzo, gose eta egarri grebaren berri baduela esanez. "Horrek esan nahi du orain arte kartzelak ez diola epaitegiari Patxiren inguruko inolako informaziorik bidali", dio AAEAMek.
Auto horretan, epaileak kartzelako zuzendariari eskatu zion Murtzia II-n COVID-19aren aurrean hartu diren neurriak jakinaraztea. Abokatuek adierazi dutenez, horrek erakusten du orain arte ez dutela neurrion berri eman, eta inork ez duela halakorik eskatu.
Bestalde, AAEAMek azpimarra egin dio espetxeko medikuaren jarrerari, Ruizek greba hasi aurretik nahiz gero. Atzo ere ez zuen preso politikoa artatu, hirugarren egunez jarraian.
Erantzuna Kartzelan
Azken egunetan janariaren erretiluari uko egin diote Itziar Moreno eta Saioa Sanchez preso politikoek, Rennesen. Aurrerantzean ere halaxe egingo dute, txandaka. Gaur, Morenoren txanda da. Orkatz Gallastegi preso politikoak ere baraualdiak egingo ditu tarteka, modu iraunkorrean.
Astelehenetik, hilak 18, janariari ezezkoa eman diote Irantzu Gallastegik eta Iñaki Etxeberriak, Huelvan eta Topasen, hurrenez hurren. Ibai Aginaga ez da Sevilla II-ko ziegatik atera hilaren 12tik, eta egun berean ekin zioten janariaren bandejari uko egiteari Dani Pastorrek, Oskar Barrerasek eta Aitor Cotanok, Puerto III-n. Jon Kepa Preciado ere "txapeoa" egiten ari da Kordoban, hilaren 14tik.
Araban, 55 lagun baraualdira
Gaur, Arabako militanteetatik beste 44 kide batu dira Gasteizen hasitako elkartasun baraualdira, 48 ordurako. Beste 8 kide, berriz, egun baterako. Gainera, beste 48 orduz jarraituko dute aurrez gose greban ziren lau lagunetako hiruk. Gasteizen ez ezik, Laudion, Legution, Maeztun eta Zalduondon ere ari dira baraualdian. "Ez da presoen auzia modu lausoan salatzeko garaia. Burgesiaren ofentsibak kartzeletan hartzen duen dimentsioa borrokatu eta Patxi Ruizekiko elkartasuna antolatzeko unea da", adierazi dute grebalariek. Gaur, manifestazioa egingo dute 20:30ean Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazatik hasita.
Atzo gose greba hasi zuten bi pertsonak Etxarrin (Nafarroa), eta Altsasun (Nafarroa), 48 orduko baraualdiak egingo dituzte hainbat lagunek, txandaka eta launaka.
Maiatzaren 12tik gose greban daude AAEAMeko hiru kide, Ezkerraldean (Bizkaia). Txandakako 24 orduko baraualdiekin aurrera doaz Deustuko Armada Gorriko kideak, eta Ondarroan (Bizkaia), hamabi pertsonak gose greba egin ostean, 48 orduko baraualdien dinamikari eutsi diote. 15 pertsonak hartuko dute parte. Gasteizen (Araba) ere 48 orduko barauak egingo dituzte hainbat militante sozialistak, txandaka. Laukote berri bat sartuko da bi egunean behin, beraz.
Gainera, AAEAMek jakinarazi duenez, Asier Guridi errefuxiatu politikoak Aragua, Miranda eta Distrito Capital zeharkatuko ditu oinez, Caracasen kokatuta dagoen Espainiako Estatuaren enbaxadaraino. Hala, Ruizen egoera salatzea izango du helburu.
Gaurko mobilizazioak
Atzo, Ruizekin elkartasunean, mobilizazioak izan ziren Bergaran (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia), Durangon (Bizkaia), Etxarrin (Nafarroa), Lekeition (Bizkaia), Lizarran (Nafarroa), Mutrikun (Gipuzkoa), Ugaon (Bizkaia) edota Txantrean (Iruñea, Nafarroa). Iruñean, izatez, PSOEren eta Podemosen egoitzak lotzeko giza-katea deitu zuten atzorako, baina debekatu egin zuten.
Hala, mobilizazio bat izan zen Txantreako Kaskallueta plazatik hasita, eta ehunka pertsona batu ziren protestara. Espainiako Poliziaren presentzia handia izan zen, eta tentsio uneak egon ziren. Igandean debekatu egin zuten Txantrean egitekoa zen manifestazioa. Gaur, Ruizen gose eta grebaren 10. egunean, mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute Txantreatik. Bertan, 20:15erako egin dute deia, Larekin.
Ondorengo deialdiak egin dituzte gaurko:
Iruñeko argazkia: Ekinklik Argazkiak