Debekatu egin dute gaur Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko Txantrean egitekoa zen manifestazioa

Espainiako Poliziak igorritako txostenarekin bat eginez, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak debekatu egin du Patxi Ruiz preso politikoari elkartasuna adierazteko Txantrean deitutako mobilizazioa, "osasun-arrazoien" aitzakiapean. Debekuaren aurrean, deialdi berri bat zabaldu da sare sozialetan, gaur iluntzerako.
Argazki Nagusia
Argazkia: @eztandatx
2020ko maiatzaren 17a

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak debekatu egin du gaur, maiatzak 17, Patxi Ruiz preso politikoari elkartasuna adierazteko Txantrean (Iruñea, Nafarroa) egitekoa zen manifestazioa. 2.000 pertsonatik gora bildu zitezkeela eta mobilizaziorako aukeratutako tokia desegokia dela argudiatuta, Espainiako Poliziak manifestazioa egitearen aurkako txostena igorri du. Azkenean, beraz, gaur iluntzerako egindako deialdiari debekua jarri dio Gobernuaren ordezkaritzak, "osasun-arrazoien" aitzakiapean.

Dena den, debekuaren aurrean, erantzunak ere egon dira. Esaterako, sare sozialetan deialdi berri bat egin dute gaurko. PSOEren egoitzaren aurrean jarri dute hitzordua, 20:30ean.

Txantrearra da Ruiz, eta gaur, zazpigarren eguna du gose eta egarri greban. Presoen eskubideen defentsan, protesta gisara hasi zuen greba maiatzaren 11n.

Mobilizazio gehiago ere izango dira gaur Euskal Herriko kaleetan.