AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Kontrakantxa gaztetxea
2020/05/19 09:28

Patxi Ruiz preso politikoak zortzi egun daramatza gose eta egarri greban, eta bederatzigarrenari heldu dio gaur. 14 kilo galdu ditu dagoeneko, eta Murtzia II kartzelak serum sarrera batera konektatzea eskaini badio ere, aukera horri uko egin dio txantrearrak. "Amaieraraino iristeko prest" dagoela adierazi du.

Atzo, erizain batek pisatu zuen, eta tentsioa eta odol lagin bat hartu zizkion. Dena den, ez dizkiote emaitzak jakinarazi. Espetxeko kontsultara bidali zutenean, aurreko astean artatu ez eta iraundu zuen medikua zegoen bertan. "Nik hau ez dut artatuko" izan zen medikuaren erantzuna, eta bertatik alde egin zuen Ruizek. Beraz, atzo ere ez zuen mediku batek behatu, eta konfiantzazko medikuak kartzelako medikuekin harremanetan jartzen ahalegintzen ari badira ere, oraingoz ez dute erantzunik jaso.

Bestalde, Murtzia II-ko zuzendari Jesus Hernandezekin biltzea eskatu dute preso politikoaren abokatuek. Horren aurrean, zuzendariak horretarako "inolako asmorik" ez duela erantzun diete. Abokatuak herenegun izan ziren Ruizekin, eta "ahul" ikusi zuten. Gainera, jakinarazi zien ikusmenean zailtasunak izaten ere hasia dela.

Zuzendariaren "jarrera zitala" salatu du AAEAMek, "jarrera berria" ez dela ohartarazi arren: "Azken urteetan Murtzia II presoen suizidio eta heriotza tasa altuenetakoa erregistratzen duen kartzeletako bat da. Baina horretarako ezinbestekoa da medikuen jarrera, kode deontologikoari jarraitu beharrean, zigorgabe sentitzen den militante faxistaren eskuliburuari jarraitzen baitiote".

MORENO, GALLASTEGI ETA ETXEBERRIA ERE BORROKAN

Gero eta gehiago dira Ruizek hasitako borrokaldiarekin modu batera edo bestera bat egiten ari diren preso politikoak. Esaterako, Itziar Morenok 24 orduko baraualdia egin zuen atzo Rennesko espetxean, eta janariaren erretiluari uko egiten hasi dira Irantzu Gallastegi eta Iñaki Etxeberria. Huelvako kartzelan dute preso Gallastegi, eta Etxeberria aldiz, Topaskoan, Salamankan.

Mikel San Sebastianek ere, maiatzaren 14tik, ezezkoa eman dio janariaren bandejari Murtzia II-n. Atzo izan zen bere bi eguneko baraualdiaren azken eguna. Bestalde, zeldatik irten gabe segitzen dute Ibai Aginaga (Sevilla II) eta Jon Kepa Preciado (Kordoba) preso politikoek, eta hilaren 12tik janariari uko egiten ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano (Puerto III).

GOSE GREBAK NAFARROAN, ARABAN ETA BIZKAIAN

Ezkerraldean (Bizkaia) gose greban jarraitzen dute AAEAMeko hiru kidek, zazpigarren egunez. Ondarroan (Bizkaia) egunotan gose greban izan dira hamabi pertsona, eta orain, txandakako baraualdiak egiten ari dira 15 lagun inguru. Deustuko Armada Gorriko kideak txandakako barau-egunak ari dira egiten, eta egun bakoitzean bi kidek hartzen dute lekukoa. Gainera, Gasteizen (Araba) atzo hasi zuten txandakako gose greba hainbat militante sozialistak. Lau egunean behin, laukote bati egokituko zaio baraua egitea.

Gainera, Altsasun (Nafarroa) txandakako gose greba abiatu dute gaur arratsaldean lau lagunek. Ruizek hasitako "borrokaren izaera politikoa" azpimarratu dute Gure Etxea eraikineko balkoian egindako adierazpenean. Bertan egingo dute greba, elkarrekin, eta bi egunean behin sartuko da laukote berri bat. Etxarrin (Nafarroa) ere gose greba hasi dute bi pertsonak.

MOBILIZAZIOAK ATZO, GAUR ETA BIHAR

Aste berria hastearekin batera, atzo ere mobilizazioak izan ziren Euskal Herriko hainbat herritan. Besteak beste, Azpeitian (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Bermeon (Bizkaia), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia), Hernanin (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa), Ondarroan (Bizkaia), Lekeition (Bizkaia), Mungian (Bizkaia), Portugaleten (Bizkaia) edota Urruñan (Lapurdi) egin zituzten elkarretaratzeak.

Ondorengo deialdiak egin dituzte gaurko:

  • Bergaran (Gipuzkoa), 20:30ean plazan.
  • Bilbon, 20:30ean Etxebarrieta Anaien plazan.
  • Donostian, 20:15ean Bulebarrean.
  • Durangon, 20:00etan Santa Ana plazan.
  • Etxarrin (Nafarroa), 20:00etan plazan.
  • Iruñean, 20:15ean Txantreako Kaskallueta plazan.
  • Lekeition, 20:00etan Eskolapean. Manifestazioa izango da.
  • Lizarran (Nafarroa), 20:30ean San Juan plazan.
  • Mutrikun (Gipuzkoa), 20.30ean errotondan.
  • Ondarroan, 11:30ean eta 20:00etan Alamedan.
  • Ugaon (Bizkaia), 20:30ean udaletxe plazan.
  • Urruñan, 19:30ean biribilgunean.

Igandean Txantrean (Iruñea, Nafarroa) egitekoa zen manifestazioa debekatu bazuten, atzo Iruñeko erdigunean deituta zegoen elkarretaratzea eragotzi zuen Espainiako Poliziak, kaleak hartuz. Gaur ere deialdi bati debekua ezarri diote Nafarroako hiriburuan, hain zuzen, PSOEren eta Podemosen egoitzak lotuz egitekoa zen giza-kateari. Dena den, beste mobilizazio baterako deia zabaldu dute: elkarretaratzea izango da Txantreako Kaskallueta plazan, 21:15ean.

Bestalde, hainbat alderdiren egoitzetan Ruizi elkartasuna adierazteko egin diren margoketa eta ekintzak direla-eta alderdi politikoek izan duten jarreraren inguruan, AAEAMek gaitzetsi du "berbera" dela "PSOE, Podemos PP eta PNVren jarrera": "Espainiako Gobernuan dagoena dagoela ere, errepresioaren errezeta aplikatzen dute guztiek".

EH Bilduri dagokionean, ilzorian dagoen preso politiko baten egoera salatzeko orduan herriak egindako aldarrikapen ekintzak salatzeko baino askoz ere epelagoa izan dela salatu dute AAEAMeko kideek: "Parlamentuan eserleku bat gehiago ala gutxiago ateratzea preso politiko baten bizitza baino garrantzitsuagoa omen da. Guk herria zoriondu nahi dugu erakusten ari den konpromisoagatik".

EZ DAGO IRUZKINIK