ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / LP/Arnaud Dumontier
2025/11/05 08:00

Le Parisien-ek jakinarazi duenez, 23 eta 35 urteko bi polizia atxilotu zituzten urriaren 30ean, Bobignyko auzitegiko ziegetan 26 urteko emakume bat bortxatzeagatik. Biktima gurasoen arduragabekeriagatik eraman zuten zentrora, eta salatu zuen urriaren 28tik 29rako gauean bi aldiz egin ziotela eraso.

Polizia Nazionalaren Ikuskaritza Nagusiak (IGPN) eta Parisko Fiskaltzak egin dute ikerketa, eta erasotzaileetako baten telefonoan zegoen lau segundoko bideo bat jaso dute. Bertan, agenteek biktima bortxatu zutela ikusten da, eta horrekin gezurtatu dituzte haien baieztapenak: sexu-harremanak "onartuak" izan zirela esan zuten poliziek. Halako frogarik egon gabe ere, zaila da benetako baimenik imajinatzea ziega batean; non atxilotua askatasunik gabe dagoen, non inork ezin duen ikusi zer gertatzen den, eta zeina polizien erabateko kontrolpean dagoen.

Ebidentzia horrek, bortxaketagatiko eta botere-abusuzko sexu-erasoagatiko inputazioa azkartzeaz gain, Frantziako Poliziaren zigorgabetasun-kultura utzi du agerian. #MeTooPolice traolarekin argitaratutako antzeko kasuak ugaritu dira sareetan, eta polizia-instituzioak ezkutuko sexu-indarkeriaren eredu bat jarraitzen duela erakutsi du.

Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroak "oso larritzat eta onartezintzat" jo ditu gertakariak, eta ikerketa sakonak hitzeman ditu, baita zigor irmoak ere, salaketak berresten badira. Hala ere, adierazpen huts horiek ez dute eskandaluen segida aldatzen: 2023an bakarrik, Seine-et-Marneko beste ofizial batek antzeko bortxaketa bat egin zuen komisaria batean, eta Libération-en erreportaje batzuek ezkutatutako beste dozenaka salaketa eman dituzte argitara.

Egiturazkoa eta zigorrik gabea

Frantziako polizia-indarren barruan hedatutako zigorgabetasun-kultura dokumentatuta dago, eta salaketa ugari izan dira azken urteotan. Kazetaritza-ikerketek eta ikerketa akademikoek agerian uzten dute polizien eta jendarmeen sexu-abusuen eredu sistematiko bat, gutxienez 429 biktimarekin eta 215 erasotzailerekin 2012 eta 2025 artean, Disclose hedabideak egindako ikerketa baten arabera. Abusuak sexu-jazarpenetik bortxaketetara bitartekoak dira, eta biktimen artean daude atxilotuak, salaketak jartzera joandako pertsonak eta adingabeak.

Polizia erasotzaile askok beren jarrera eta baliabide ofizialak erabili dituzte biktimak beldurtzeko eta isilarazteko, eta kasuen %40tan berriro egin dute eraso gerora. Larritasuna gorabehera, zigorrak urriak izan dira eta gehienak arinak; gutxi kanporatu dituzte polizia-indarretatik, eta gehienek aldi baterako ohartarazpenak edo etenak baino ez dituzte jasotzen.

#MeTooPolice mugimendua erantzun sozial gisa sortu da, Poliziaren barruan abusu horiek ikusarazteko, ezkutuko sexu-indarkeria salatuz eta jokabide horiek erakundeetatik desagerrarazteko ezintasun politiko eta instituzionala salatuz. Protokolo argirik ez egoteak, polizia-hierarkiak hutsaldu izanak eta agente erasotzaileen kopuruari buruzko datu publikorik ez egoteak biktimen babesgabetasuna larriagotzen dute, eta errepresio-aparatuekiko mesfidantza soziala areagotzen dute.

NO HAY COMENTARIOS