Osasun-egoera larrian daude Erresuma Batuko Palestine Action kolektiboko hainbat militante preso. Bi hilabetetik gora daramatzate gose greban Heba Muraisi, Kamran Ahmed eta Lewie Chiaramello kideek, hainbat eskaera egiteko: fidantzapean aske utz ditzatela, "epaiketa justu baterako eskubideak bermatuta" izan ditzatela eta "haien komunikazio pertsonalen zentsura" amai dadila, batetik; eta Palestine Action taldea despenalizatzea eta Elbit Systems enpresa militarra ixtea, bestetik.
2024ko azaroan espetxeratu zituzten Muraisi eta Ahmed eta iazko uztailean Chiaramello, industria militar israeldarraren aurkako hainbat protesta-ekintzari lotuta, eta beste hainbat militante ere kartzelaratu zituzten "behin-behinean". Hori gutxi balitz, Palestine Action "terrorista" izendatu zuen Erresuma Batuko Parlamentuak.
Erresuma Batuan espetxeratutako gose grebalariei elkartasuna adierazteko, protesta ugari izaten ari dira nazioarteko hainbat herrialdetan, eta Euskal Herrian ere deitu du mobilizatzera Palestinarekin Elkartasunak. Asteburu honetan izango dira protestak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan: bihar egingo dute kontzentrazioa Donostiako (Gipuzkoa) Bulebarrean, 19:00etan; larunbatean izango da elkarretaratze bana Bilboko (Bizkaia) Areatzan eta Iruñeko (Nafarroa) udaletxe aurrean, 12:30ean; eta igandean mobilizatuko dira Gasteizko (Araba) Andre Mari Zuriaren Plazan, 13:00etan.