Grebara jo dute berriz Osakidetzak azpikontratatutako garbiketako langileek. Gaurtik igandera bitartean egingo dute lanuztea, euren lan-baldintzen defentsan. Osasun-sare publikoak azpikontratatutako garbitzaileek bost urte daramatzate lan-hitzarmenik gabe, eta aldarri argi bat egin dute azken hilabeteetan: garbiketako gainerako langileek dituzten baldintzekin parekatu nahi dituzte eurenak. 2.500 behargin inguru dira sektorean.
Greba honetako aurreneko egunean, Ertzaintzak grebalarien kontra jo du Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo, Bizkaia). Zenbait langile zauritu dituzte polizia-indarrek, eta larrialdietara eraman behar izan dute haietako bat. Hainbat langile identifikatu dituzte ertzainek, eta gutxienez bi eraman dituzte atxilo.
Baldintzak parekatu gabe
Izatez, azpikontratatutakoei gainontzeko garbitzaileek dituzten baldintza berdinak ezartzea onartu zuten Osakidetzak nahiz enpresa esleipendunek aurreko akordioetan. Konpromiso hori hartu zutenetik, ordea, bilera ugari egin dituzte garbiketako langileekin, eta "hasieran bezalaxe" dago haien egoera. Osakidetzak eta enpresek, oraingoz, ez dute hitzemandakoa bete. "Hamaika bilera egin ondoren, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da. Ikusten ari gara enpresek eta bezeroak [Osakidetza] ez dutela homologazio printzipioa betetzen, uko egin baitiote Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak egokitzeari eta aplikatzeari", diote sindikatuek.
Instituzio publikoek nahiz enpresek "hirugarren mailako" plantillatzat jotzen dute sektorea, hainbatetan salatu dutenez. Beharrezkotzat jo dute, beraz, homologazioa lortzeko bidean "aurrerapausoak ematea". Besteak beste, exijitzen dute eurek ere Osakidetzak zuzenean kontratatutako garbitzaileek aitortuta dituzten baimenak izatea, hutsik dauden lanpostuak betetzeko sistema hobetzea edota txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea edukitzea.