Borrokan jarraitzen dute Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuan aritzen diren beharginek. Grebara jo dute berriz, eta apirilaren 3ra arte luzatuko dute lanuztea. Atzo hainbat mobilizazio egin zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait osasun-zentrotan, esaterako, Txagorritxun (Gasteiz, Araba), Garbiketa borrokan. Funtsezkoak bagara baldintza duinak lelopean.
Guztira, 2.500 garbitzaile inguruk jarduten dute Osakidetzak azpikontratatuta, eta emakumeak dira ia guztiak. Euren aldarrikapen nagusia homologazioa da; alegia, Osakidetzak zuzenean kontratatutako garbitzaileek dituzten baldintza berdinak izatea. Bost urte daramatzate lan-ituna berritzeko elkarrizketetan.
Izatez, aurreko akordioetatik, azpikontratatutako langileei Osakidetzako gainontzeko garbitzaileek dituzten baldintza berdinak ezartzea onartu zuten Osakidetzak nahiz enpresa esleipendunek. Dena den, oraingoz ez dute hartutako konpromiso hori bete, eta horren defentsan ari dira borrokan azpikontratatutako beharginak.
Greba eskubidea, urratuta
Oraingoan, garbitzaileek salatu dute gutxieneko zerbitzuak areagotu dituela Eusko Jaurlaritzak, eta %50ekoak direla une honetan. Joan den ostiralean, gainera, Osakidetzak eta Optima enpresa esleipendunak garbiketa gehigarri bat egitera behartu zituzten Donostiako (Gipuzkoa) Ospitaleko langileak, euren greba eskubidea urratuta.
Errepresioa garbitzaileen kontra
Otsailaren amaieran, Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) garbitzaile grebalarien kontra jo zuen Ertzaintzak: hainbat langile zauritu eta bi atxilotu zituen. Handik gutxira, Donostian ere oldartu ziren beharginen kontra ertzainak, Osakidetzaren aginduz.