El Salto-k jakinarazi duenez, Osakidetzak dohainik "kolaboratzeko" eskatu die Prestakuntza Sanitario Espezializatuko langile egoiliarrei, barneko Mediku egoiliarrei, barneko erizain egoiliarrei, barneko psikologo egoiliarrei nahiz barneko farmazialari egoiliarrei. Posta elektroniko bidez helarazi zieten mezu bat Bilbo-Basurtuko (Bizkaia) ESIko Prestakuntza Sanitario Espezializatuko Irakaskuntza Unitatetik, eta hain justu, eskatu zieten COVID-19a atzemateko testak egiten laguntzeko abenduaren 27an, 28an, 29an, 30ean eta urtarrilaren 3an, 4an eta 7an.
Lan horiek ez zirela ordainduko jakinarazi zieten egoiliarrei, eta el Salto-k jakin ahal izan duenez, batez ere ikasleengana jo zuten.
Ia 5.000 langile kaleratuak
Joan den urriaren 4an, txertodromoetan aritzen ziren 4.000 erizain kaleratu zituen Osakidetzak, eta aztarnari lanetan jarduten zuten langileen %94 ere kanporatu zituzten; 800 inguru.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik aste honetan bertan azaldu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarritako protokolo berria. Aurrerantzean "autodiagnostikoa" eta "autozaintza" izango dira nagusi, eta ez zaie jarraipenik egingo positibo ematen duten pertsona guztiei; "kasu arinak" ez dira aintzat hartuko arreta eskaintzerako orduan.
Nafarroan ere antzeko protokolo bat jarri dute martxan, ez soilik jarraipena egiteko; testak ere "sintoma larriak" dituztenei soilik egingo zaizkie printzipioz.