Ororbiako (Nafarroa) Kybse fabrikan 103 langile kaleratzeko asmoa agertu zuen zuzendaritzak, lan-erregulazio espediente baten bitartez. Kaleratzeak "COVID-19ak eragindako salmenta jaitsierak" eragin zituela argudiatu zuen enpresak; langileek, baina, azpimarratu zuten 2,6 milioi euroko irabaziak erregistratu zituela Japoniako Kayaba multinazionalak. Kayabaren jabetza da Ororbiako Kybse.
Ustez, zuzendaritzak langileak ez kaleratzeko "konpromisoa" hartu zuen krisialdiri begira, baina kontrakoa adierazi zuen aurreko astean aurkeztutako txostenak. Horren aurrean, Kybseko langileek lanuzteei ekiteko asmoa jakinarazi eta, herenegun, atzera egin zuen zuzendaritzak lan-erregulazio espedienteari dagokionez.
Negoziazioak hasi besterik ez dira egin
Motelgailuak ekoizten dituen enpresak, baina, langileak kaleratzeko asmoari eusten dio antza. Beharginen grebaren mehatxupean, momentuz, lan-erregulazio espedienteari uko egin dion arren, langileen kopurua murrizteko aukera behartzen jarraitzen du enpresak.
Modu horretan, zuzendaritzak negoziaketak hasi nahi ditu sindikatuekin, 60 urte baino gehiago dituzten langileen aurretiko erretiroen eta pizgarrien bidez —45-70.000 euro inguruko kalte-ordainak proposatuz—, "borondatezko" bajak bultzatzeko.