Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo iragarri zuenez, Ministroen Kontseiluak desklasifikatu egingo ditu 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakerari lotutako dokumentuak. "Oroimenak ezin du giltzapean egon. Demokraziek beren iragana ezagutu behar dute etorkizun askeagoa eraikitzeko", idatzi zuen Sanchezek X sare sozialean, neurri horrekin "herritarrekiko zor historiko" bat kitatzen dela ziurtatuz. Argitara ateratako dokumentuak asteazkenean plazaratuko dituzte BOEn, eta Moncloaren web-orrian ere egongo dira eskuragarri.
Sekretupekoak izateari utziko dioten artxiboen artean, epaiketaren sumario osoa dago, Auzitegi Gorenaren esku egon dena eta 89 paper-sortak osatzen dutena, jatorrizko grabazioak eta inplikatuen adierazpenak barne. Era berean, CESIDeko (garaiko inteligentzia-zerbitzua) barne-dokumentuak ezagutaraziko dituzte, estatu-kolpea izan zen gaueko entzuketen transkripzioekin (orain arte "goi-sekretu" gisa sailkatu dira), bai eta Errege Etxearen eta Moncloaren hartu-emanak eta militarren mobilizazioari buruzko txostenak ere. 1968ko sekretu ofizialen legeria frankista ordezteko asmoz, Espainiako Gobernuak 2025ean onartu zuen Informazio Sailkatuari buruzko Lege-proiektu bat, eta horri erantzuten dio gaurko neurriak.
Erreakzio politikoak
Erreakzio politikoak berehala heldu ziren atzo. PPk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Ester Muñozek "kezko gortinatzat" jo zuen iragarpena, eta Antonio Maillo IUko koordinatzaile federalak, berriz, neurria ospatu zuen, baina esanez ez dela "nahikoa". Sekretu ofizialen lege berri bat onar dadila eskatu zuen, "frankismoaren lege zitala" indargabetzeko. Maribel Vaquero EAJko bozeramaileak eskatu zuen beste desklasifikazio batzuk ere egin daitezela orain, Zabalza auzia edo 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakariak argitzeko hala nola. Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak "estatuaren estoldetako" dokumentu guztiak argitaratzeko eskatu zuen, espioitzari eta Bartzelonako A17ko atentatuari lotutakoak barne.
2021ean argitaratutako informazioak
Orain iritzi publikoaren aurrean argitaratuko diren artxiboek aukera emango dute, estatu-kolpe saiakerak iraun zuen 18 ordu horietan, estatu-aparatuek izandako elkarrizketak eta bestelako mugimenduak ezagutzeko. El País-ek 2021ean eskuratu zuen sumarioaren zati bat, eta Antonio Tejero teniente koronelaren adierazpenak jasotzen zituen horrek.
Tejerok jakinarazi zuen, kolpea eman baino lehen, Alfonso Armada jeneralak esan ziola "Erregea nazkatuta zegoela Suarezekin", eta "indarkeriazko ekintzaren bat egiteko aukeraz" hitz egin zela orduan. Erregeak esan omen zuen hori bideratzeko modu zehatza ikusi beharko zela. Jasota dago, halaber, Tejerok sei autobus erosi zituela emaztearen diruarekin, eta Armada PSOEko politikariekin bildu zela aurreko hilabeteetan, Enrique Mugicarekin kasu.
O23ari buruzko dokumentuen desklasifikazioak, dena den, ez dakar sekretu ofizialei buruzko legeria indargabetzea. Indarrean den araudi horri esker, garrantzi bereziko informazioak sekretupean manten daitezke, mugarik gabe, hamarkadetan zehar. Urrats txiki bat da gaur emango dena, xehetasun interesgarriak eman ditzakeena, baina oraindik ikusteke dago horrek frankismoak utzitako ertzak argitzeko balioko duen edo PSOEk eskuak pixka bat garbitzeko keinu bat izango ote den, estatuak bere sekretuak eta krimenak babesten jarraitzen duen bitartean.