Posible da, Nafarroan, atxilotuak izateko arriskuan egotea hainbat pertsona, Vueltako mobilizazioetan parte hartzeagatik. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Nafarroako BDZk eman dute abisua: Israel Premier Techen kontrako protesten harira, Foruzaingoak hainbat lagun deitu ditu deklaratzera. Pertsona horiek, baina, uko egin diote zitazioari. Beraz, berehala atxilotuak izateko arriskuan egon daitezke.
"Uko egiten diogu Foruzaingoaren zitaziora joateari, ezkutuko atxiloketa baten jokoan ez erortzeko. Hori dela eta, edozein unetan atxilotuak eta epaiketara eramanak izan gaitezke, erregimen sionistarekiko konplizitate instituzionala gero eta nabarmenagoa eta lotsagarriagoa egiten den testuinguru honetan", azaldu dute ikertuek. Atxiloketarik bada, mobilizazioak izango dira.
Protesten kriminalizazioa
Martxan legokeen prozesu judiziala eta mobilizazioen kriminalizazioa salatu dituzte Palestinarekin Elkartasunak eta Nafarroako BDZk. "Milaka lagun bildu ziren Euskal Herrian eta munduan sionismoaren aurpegi garbitzea xede zuen kirol-ekitaldiaren kontra", ekarri dute gogora auzipetuek: "Palestinako herriaren apartheida, kolonialismoa eta sarraski sistematikoa salatu ziren, eta gaur egun prozesu judizialaren mehatxupean gaude horregatik".
Nafarroako Gobernuaren hipokrisia
Ikertuek bereziki "larritzat" eta "hipokritatzat" daukate Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chiviteren (PSOE) jarrera. "Palestinarekiko elkartasunez eta Israelgo Estatuarekiko boikota eta harreman haustura babesteko manifestazioetara joaten den bitartean, bere administrazioak eskakizun horrekin koherente jokatzen dutenen aurkako jazarpen judiziala ahalbidetzen eta legitimatzen du", diote. Horiek horrela, "moral bikoitza" gaitzetsi dute.
"Ez dugu onartuko pertsona bakar bat ere jazartzea Israelgo Estatua salatzeagatik. Ez dugu onartzen ez epaiketarik, ez isunik, ez inolako errepresiorik elkartasuna eta justizia aldarrikatzen dutenen aurka", azaldu dute.
"Boikota ez da delitua, betebehar politiko eta etikoa baizik"
Ikerketapean dauden nafarrek exijitu dute, hortaz, bertan behera gera daitezela "boikot kanpainetan parte hartzen duten pertsonen aurka irekitako kausa guztiak". "Beldurra erein nahi duen ofentsiba errepresibo hau eta Palestinarekiko elkartasunaren aurkako erasoaldia" salatu dituzte, eta aldarrikapen argi bat egin dute: "Boikota ez da delitua, betebehar politiko eta etikoa baizik".
Nabarmendu dutenez, "erantzun kolektiboak eta boikotak fruituak ematen dituzte", eta lorpen bat izan dira Vueltako protestak: "Milaka pertsonaren mobilizazio nekaezinari esker, non aste luzez kaleak, espaloiak eta errepideak okupatuak izan ziren Vuelta eteten, Israel bere genozidioa zuritzeko txirrindularitza-talderik gabe geratu da".
Hiru "gertaera" ikerketapean Bilbon
Vuelta igarotzean Nafarroan egindako protestak ez dira, Euskal Herrian, polizia-indarren partetik ikertuak izaten ari diren bakarrak. Irailaren bukaeran argitaratu zuten Bilboko (Bizkaia) hiru "gertaera" aztertzen ari dela Ertzaintza, eta informazioa berretsi zuen gero Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu Bingen Zupiriak.