ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Osasun Publikoa Aurrera plataformak manifestazio bat egin zuen ekainaren 8an.
2024/07/02 09:57

Urtean 180 egunez daude nolabaiteko murrizketa sistematikoak Osakidetzan, langileek eta sindikatuek salatu dutenez. EAEko sare publikoko osasun-etxeetan urteko egunen ia erdian ezartzen dituzte itxierak eta ordutegi murrizketak, eta gainerako hilabeteetan "ordezkapen faltarekin, hutsuneekin eta langile faltarekin" jarduten dute ospitaleetan eta bestelako osasun-zentroetan.

Udan izaten dira murrizketarik larrienak. Lehen mailako arreta-zentroei dagokienez, ekainetik irailera bitartean, zentroen %35 itxi edo mugatuko dituzte, ordutegia txikituta. Zehazki, 339 zentroetatik 126k jasango dituzte nolabaiteko murrizketak. Hala, 72 zentrotan ordutegia murriztuko dute, arratsaldeko 17:00etan itxiko dituztelako; 44 zentro zarratu egingo ditu Osakidetzak udako egun batzuetan; eta, azkenik, hamar zentro uda osoan zehar egongo dira itxita.

Itxierak eta murrizketak justifikatzeko, udan "eguraldi ona" nagusi dela eta "arnas-aparatuko gaixotasunen presentzia murriztu" egiten dela argudiatu du Osakidetzak. Ospitaleetako eta osasun-etxeetako egoera, ordea, bestelakoa da. Udan ere larrialdi-zerbitzuak kolapsatuta egoten direla azaldu dute langileek, eta Etengabeko Arretako Guneen (EAG) egoera larriagotzen ari dela.

Izan ere, 2022ko ekainean zabaldu zituzten gune horiek, baina lanerako "talde osorik gabe" jarri zituzten martxan; mediku nahikorik gabe, esaterako. Bi urte igaro dira jada, baina urritasun-egoera "egiturazkoa eta ohikoa" bilakatu da. Zentzu horretan, bi kasu nabarmendu dituzte, oso "agerikoak" izateagatik: Barrualde-Galdakaoko (Laudio, Basauri eta Lekeitio besteak beste, Araban eta Bizkaian) eta Donostialdeko (Hernani, Iztieta eta Zarautz, Gipuzkoan) EAGetan, 1.000 lan-txanda inguru geratuko dira bete gabe, Osakidetzak aitortu duenez.

Ordutegien murrizketak, langile falta eta osasun-etxeen itxierak

Hainbat dira azken hilabeteetan zehar salatu dituzten egoerak. Tolosaldean (Gipuzkoa), adibidez, hamar herritan kendu diete osasun-zerbitzu publikoa lau hilabetez, eta, beste batzuetan, ordutegiak mugatu dituzte. Hori ez ezik, osasun-langileen ordezkapenik ez dela egiten jakinarazi dute, eta kezkatuta daude bizilagunak, lehen arretako mediku batek erretiroa hartuko duelako datorren urtean. Osakidetzak zailtasunak erakutsi ditu plaza hutsak betetzeko.

Zumaiako (Gipuzkoa) osasun-zentroan, langileen esanetan, egoera "tamalgarria" da. Izan ere, sei medikuren lana bik egiten dute. Urtearen hasieran lau mediku ziren zentroan, eta lan-karga ikaragarria zen jadanik. Egoera horretan, aldi baterako bi medikuk alde egitea erabaki zuten, eta mediku bakoitzak artatu beharreko pertsona kopurua hirukoiztu zen: 1.500 laguneko kupo bat izan beharko lukete, baina 4.500 pertsona ditu bere gain mediku bakoitzak. Halaber, Gernikako (Bizkaia) eta Galdakao-Usansoloko (Bizkaia) ospitaleetako langile eta paziente arteko ratioa ere salatu dute horietako langileek, "benetan ikaragarria" izateagatik.

Bi mediku besterik ez dira Zumaiako osasun-zentroko pediatrian, eta batek baino ezin ditu pazienteak artatu aurrez aurre. Hala, 15:00etatik aurrera zerbitzurik ez dago; ez medikurik ez pediatrarik. Getariako (Gipuzkoa), Zestoako (Gipuzkoa) eta Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) bizilagunak ere kaltetzen ditu horrek, larrialdi-kasuetan Zumaiara bideratzen dituztelako, eta adinekoen egoitzetako sendagilerik ez dagoenean, medikuek ematen dutelako zerbitzua.

Bergaran (Gipuzkoa) ere ordutegien murrizketa egiturazkoa da. Bizilagunen arabera, osasun-etxea 20:00etan ixten zen lehen, baina gaur egun 17:00etan zarratzen dute. Gainera, Osakidetzak lanean dauden langileen %50 bermatzea irizpidetzat badu ere, laneko bajei dagokienez, ez da inola ere betetzen. Antza, mediku bat bajan egon da Bergaran eta lekualdaketa bat eskatu du beste batek, baina Osakidetzak ez du langile ordezkorik kontratatzen.

Hori ez ezik, urtero "errepikatzen den" murrizketa bat dela salatu dute Debagoieneko herri horretan, izan ere, gaixotasun kronikoak dituzten pazienteak ez dituzte artatzen udan zehar. Pertsona horientzako murrizketa hori, gainera, are gehiago areagotu du Osakidetzak: uztailean eta abuztuan aplikatzen zen lehen, baina ekainetik irailera bitartean zabalduko du orain. Osakidetza osasun-langileen oporrak izateko eskubidean babesten da horretarako, baina Osasun Publikoaren Aldeko Plataformako kideek argi dute: langileek "eskubide osoz" har ditzakete oporrak, baina Osakidetzak ordezkoak kontratatu eta zerbitzuaren kalitatea bermatu behar du.

Ordutegiak txikitzea eta mediku falta, beraz, egiturazkoak dira. Aiaraldean (Araba eta Bizkaia), adibidez, bihotzekoak jota joan zen Laudioko (Araba) osasun-zentrora 42 urteko gizon bat, urriaren 16an, baina EAGan ez zegoen medikurik une horretan. Erizainek soilik artatu behar izan zuten, eta, medikuen arabera, haiek prozedura egokia ezarri zuten arren, hil egin zen gizonezkoa. Gogor kritikatu zuten egoera, horrelako egoera baten aurrean, mediku batek diagnostikoa egitea beharrezkoa da-eta.

Mediku falta nabarmena da Aiaraldean, Laudion batez ere. Roberto Gonzalez familia-medikuak aiaraldea.eus atarian azaldu zuenez, medikuak "petrolio merkea" izan dira Osakidetzarentzat, eta kontratu kaskarrak onartu behar izan dituzte langileek, bata bestearen atzetik. Uste du, baina, gaur egun mediku guztiek ez dituztela lan-baldintza miserable horiek onartzen, eta kontratu egonkorrak eskaintzen dituzten lantokietara alde egiten dutela. EAGetan, horrela, ez dago ia medikurik, baina Osakidetzak ez du zerbitzua ixten edo mediku faltaren berri ematen. Mediku falta ez ezik, erizain, emagin eta bestelako langileen falta ere badago.

Baina, Aiaraldean ez ezik, Basaurin (Bizkaia) ere langileak falta direla nabarmendu dute bizilagunek. San Migel osasun-zentroko pediatrak, esaterako, jubilazioa eskatu zuen 2023ko urrian, eta zerbitzua murrizteko baliatu zuen hori Osakidetzak. Horrela, Kaleroko osasun-etxeko pediatra partekatzen dute orain, eta zerbitzua biziki kaltetu da. Udalbatzarrean kexa bat aurkeztu zuen San Migel auzoko bizilagunen elkarteak, baina kontratazioa Osakidetzaren esku dagoela argudiatuta, auzia alboratu zuen udalak. Dena den, aurrera egin dute Basauriko hainbat gurasok, eta, sinadurak bildu ondoren, Osakidetzan ere aurkeztu dute kexa bat, Bilboko (Bizkaia) egoitzan hain zuzen ere. Osakidetzak, ordea, ez du erantzunik ez konponbiderik ematen.

Aipatutako udako murrizketak direla-eta, datozen hilabeteetan ez dute pediatrarik izango San Migel auzoan. Gaur egun, esan bezala, Kaleroko pediatrarengana jo behar izaten dute Basauriko guraso guztiek, baina osasun-zentro hori lanez gainezka egon ohi da, eta larrialdietara bideratzen dituzte haur gaixoak. Halako kasu gehiago argitara aterako direla ohartarazi dute Basaurin, eta, beraz, tokian toki borroka egitera deitu dute.

Bizkaiko emaginak greban dira

Osakidetzako Bizkaiko emaginak ere kexu dira, langile falta "larria" identifikatzen dutelako. Azaldu dutenez, oporraldietan eta udan zehar, Osakidetzak ez du langileen ordezkorik kontratatzen. Kezkatuta daude, "emakumeen arretan eman dezakegun denboran eragin negatiboa" duelako sare publikoaren kudeaketak. Zentzu horretan, egoerak "emakumeen eta haien familien sexu- eta ugalketa-osasunerako eskubidea" urratzen duela azpimarratu dute beharginek.

Antza denez, oporraldietako kontratazioa oso eskasa da, eta emaginek behar baino pertsona gehiago artatu behar izaten dituzte. Horrek, gainera, "atzerapenak eta ezinegona" eragiten ditu emakumeengan, eta beste zentro batzuetara jo behar izaten dute. Hori ez ezik, absentziak, atsedenaldiak eta familiarako kontziliazio-baimenak ez dira bermatzen emaginentzat, seinalatu dutenez. Hortaz, lankideek elkarren agendak eta lanak hartzen dituzte euren gain, edota ordutegitik kanpo lan egitera behartuta ikusten dute euren burua. Beharginen osasun fisikoari eta mentalari eragiten die horrek guztiak, eta kalitatezko zerbitzua ematea zailtzen du.

Egoerari aurre egiteko asmoz, grebara deitu zuten Bizkaiko emaginek, uztailaren 1erako. Exijitu dute Osakidetzak "%100ean" ordezkatu ditzala oporraldian, bajan edota atsedenaldian dauden langileak, baita lan-baldintzak hobetu ditzala ere. Emagin bakoitzari gehienezko kupo bat aitortzea, ratio egokiak ezartzea eta larrialdietako txandak betetzea ere eskatzen dute, besteak beste.

Mendaron eta Gasteizen, azpiegiturarik gabe

Gasteizen (Araba), EAGen egoera tamalgarria da aspalditik. Langileen arabera, 2020an itxi zuten zerbitzu hori San Martin osasun-zentroan eta, horrela, zerbitzua eskaintzen duen zentro bakarra baino ez dago hirian gaur egun. Hori ez ezik, 2022an, Santiago ospitaleko larrialdi-gunea Txagorritxura lekualdatu zuen Osakidetzak. Osasun Publikoa Aurrera plataformak esan duenez, larrialdi-zerbitzuak "gainezka" daude horren ondorioz, eta "kalitatezko arreta" ziurtatzeko langile nahikorik ez dago.

Mendaron (Gipuzkoa), berriz, larrialdi-zerbitzua itxi behar izan zuten aurreko astean, larunbatean. Eguneko azken orduan ekaitza izan zen, eta gune horretako sabaia erori zen. Osasun-laguntza bermatzeko protokoloa jarri zuten martxan, baina larrialdi-gunea geldirik eduki behar izan zuten asteburu osoan. 

NO HAY COMENTARIOS