Klase gorrotoa antolatu izenpean antolatu dituzte hainbat ekimen Kontseilu Sozialista Deba Bailarako (Gipuzkoa) kideek, bi data garrantzitsu lotuta: Aberri Eguna eta Maiatzaren Lehena. Jardunaldien helburu nagusiak dira, batetik, "historiatik ikaspenak ateratzea eta orainaldian zein etorkizunean ditugun erronkez hausnartzea", eta, bestetik, "borrokarako oinarriak ezartzea eta antolakuntzan sakontzea".
Apirilaren 4an, Aberri Eguna, izango dute lehenengo hitzordua Oñatin (Gipuzkoa). Ekitaldi bat eta elkarretaratzea egingo dituzte egun horretan.
Apirilaren 13rako eta apirilaren 24rako, aldiz, hitzaldi bana antolatu dute Kontseilu Sozialistako kideek. Aurreneko saioan Maiatzaren Lehenaren eta Aberri Egunaren inguruan jardungo du Peio Ormazabalek Eibarko (Gipuzkoa) Kultun. Bigarrenean, bestalde, Dani Askuzek hartuko du hitza Oñatiko Santa Ana aretoan: Una historia proletaria de la Izquierda Abertzale en los 70 hitzaldia eskainiko du.