M3: borroka ez da eten! lelopean, Gasteizko (Araba) Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) bide-mozketa bat egin du gaur goizean Manuel Iradier kalean. Izan ere, gaur beteko dira 50 urte Gasteizko ikasleek greban zeuden langileen borrokarekin bat egin zutenetik; 1976ko otsailaren 16an erabaki zuten protestara batzea. Martxoaren 3ko greba orokorra izan zen mobilizazio-ziklo indartsu horren emaitza, Espainiako Trantsizioko agintaritzek tiroz zapaldu zutena.
Gaurkoan, Gasteizko IASek gogorarazi du ikasleak ere "lehen lerroan" egon zirela mobilizazio horietan, eta haien oroimenez hartu du kalea. Martxoaren 3ko sarraskiaren urteurrenetik gero eta hurbilago, antolakundeak dio gaur egun ere, "garaiko ikasle langileek egin zuten bezala", "sistemaren aurka altxatzen" ari dela ikasleria. "Asko da zapaltzen gaituena, eta beraz, asko da borrokatu beharrekoa: ideia faxisten gorakada, bizitzaren garestitze orokortua, gerrara bidali nahi gaituzten kapitalistak, estatu geroz eta autoritarioagoak, eskubide politikoen urraketa etengabea…", seinalatu du.
Datorren Martxoaren 3rako ikasle-greba bat antolatu du IASek, eta hilabeteak daramatza, Gazte Koordinadora Sozialistarekin (GKS) batera, urteurrenari begira lanean. Ikasle-antolakundeak, hain justu, goizerako jarri du hitzordu bat sarraskiaren urteurrenean: ikasle-grebaren barruan, mobilizazio bat egingo du; 11:30ean hasiko da Andre Mari Zuriaren Plazatik. Hezkuntza ertainean, unibertsitatean nahiz lanbide heziketan egin du deialdia.
"Urteurren honetan ezinbestekoa iruditzen zaigu Polizia frankistak eraildako bost langileei eta langile-mugimendu antolatu osoari merezi duten aitortza egitea, eta, horrekin batera, memoria iraultzailea gure kaleetan berpiztea", azaldu du IASek: "Garrantzitsua da Martxoaren 3ko borroka eredugarria gaurkotzea eta ikasle
langileok kapitalismoarekin hausteko beharra berriro ere kaleetan
zabaltzea".