2026ko martxoaren 3an beteko dira 50 urte Gasteizko (Araba) sarraskitik. Izan ere, 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Trantsizioko agintzaritzen manuz, Zaramagako eliza batean bilduta zeuden milaka langileren kontra jo zuen Espainiako Poliziak, ehunka behargin zaurituz eta haietako bost tiroz erailez: Bienvenido Pereda Moral, Francisco Aznar Clemente, Jose Castillo Garcia, Pedro Maria Martinez Ocio eta Romualdo Barroso Chaparro.
Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) beharrezkotzat jo dute "Polizia frankistak eraildako bost langileei zein langile-mugimendu antolatu osoari dagokien aitortza egitea" eta, aldi berean, "memoria iraultzailea gure kaleetan berpiztea". Horiek horrela, datorren Martxoaren 3an mobilizatzera deitu dute, Gazte eta ikasle langileok haustura politikoa aldarritzat hartuta.
Ikasturtearen hasieran aurkeztu zuten Borroka ez da eten izeneko dinamika, sarraskiaren 50. urteurrenari lotuta, "auzoetan eta ikastetxeetan antolakuntza indartzeko eta borrokarako deia zabaltzeko". Gasteizko hainbat auzotan eta ikastetxetan sortu dituzte asanbladak, eta jada aurreratu dutenez, ikasle-greba batera deitu dute 2026ko Martxoaren 3rako. Gainera, azken urteetan egin duen modura, Mugimendu Sozialistak Bloke Sozialista bat egingo du arratsaldeko mobilizazioetan.
Borroka ez da eten
"Testuinguru politiko eta soziala gero eta gogorragoa da. Krisi garaiotan, estatuaren autoritarismoa areagotzen ari dela ikusten dugu, pobrezia orokortzen ari den bitartean eta militarizazioa handitzen den heinean", seinalatu dute GKSk eta IASek gaur egungo egoeraren inguruan. Ohartarazi dute, bestalde, "gero eta nabarmenagoa" dela "erreakzioaren gorakada, faxismoak hedatzen dituen ideia matxista, arrazista eta klasisten bidez".
Horiek horrela, uste dute, "aurreko garaietan bezala, erreformaren eta hausturaren arteko eztabaidan" ezinbestekoa dela "haustura politikoaren aldeko hautua egitea", "kapitalismoarekin hautsiz eta alternatiba iraultzaile baten alde eginez".