Martxoaren 17an kapitalismoaren aurka mobilizatzeko deia egin du EHKSk

Martxoaren 17rako, datorren astearterako, greba orokorrera deitu dute Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek. Azken asteetan deialdira batu dira hainbat eragile, tartean, Mugimendu Sozialista: "langile-klasearen borroka hedatzeko" beharra nabarmenduz, greba-egunean kapitalismoaren aurka mobilizatzeko deia zabaldu du. Horri lotuta, beste hainbat kolektiborekin eta sindikaturekin batera, mobilizazioak antolatu ditu egun horretarako.

Nafarroako hainbat eragilek otsailaren amaieran aurkeztu zuten martxoaren 17rako mobilizazio-deialdi bateratu bat, Bizi- eta lan-baldintza duinak, kapitalismoari aurre egin! aldarriaren pean. CGT, Solidari, CNT eta EHKSk prestatu dute manifestazioa, eta hainbat kolektibok egin dute bat; hala nola Dar Etxea, Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS), Antikapitalistak, PIM, Gazte Komunistak, Gerrarik Ez, Sustrai Erakuntza, Iruñerriko LAS, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta hARITU elkarlaguntza-sareak. Iruñeko Errekoleten Plazatik hasiko da mobilizazioa, 11:30ean.

Gasteizen ere indarrak batu dituzte CNT eta EHKSk, eta batera egingo dute manifestazio bat martxoaren 17an, 11:00etan Andre Mari Zuriaren Plazatik abiatuta. Frente a la ofensiva capitalista, langileok borrokara! lelopean zabaldu dute deialdia.

Donostian eta Bilbon ere mobilizatuko da EHKS greba-egunean, goizez: 11:00etan ekingo diote Gipuzkoako hiriburuko manifestazioari, Bulebarretik; eta 11:30erako jarri dute hitzordua Bizkaiko hiriburuan, Arriaga Plazan. Kapitalisten ofentsibaren aurrean, klase-borroka hedatu! hartu du lelo nagusitzat EHKSk.

Zergatik mobilizatu?

"Bizi- eta lan-baldintzen okertze orokortua jazotzen ari den testuinguru honetan, langile-klasearen borroka hedatzea eta sozialismoaren eroale bilakatzea ezinbestekoa da. Horregatik mobilizatuko gara martxoaren 17an Hego Euskal Herriko hiriburuetan", azpimarratu du Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak. Oinarrizko sei aldarri mahaigaineratu ditu, greba-egunaren atarian: "Langile-klasearen pobretzearen aurka, kalitatezko bizi-baldintzen alde, estatuen autoritarismoaren aurka, ofentsiba inperialistaren aurka, greba orokor borrokalari baten alde, klase-borroka naziortean hedatzearen alde".