ACTUALIDAD / M17-greba-eguna
Martxoaren 17ko greba-egunean klase-borroka hedatzera deitu du EHKSk
Greba orokorrerako deialdira batu da Mugimendu Sozialista, eta "langile-klasearen borroka hedatzera" deituko du, "kapitalisten ofentsibaren aurrean". "Kapitalismoari kritika erdigunean" jarriz, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan bultzatuko ditu mobilizazioak.
2026eko otsailaren 19
Martxoaren 17ko greba-egunean klase-borroka hedatzera deitu du EHKSk

Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek greba orokorrera deitu dute datorren martxoaren 17rako, eta deialdira batu da Mugimendu Sozialista, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) gaur jakinarazi duenez. "Bizi- eta lan-baldintzen okertze orokortua gertatzen ari den testuinguru honetan, langile-klasea borrokarako subjektua eta sozialismoaren eroale bilakatzea ezinbestekoa da", gaineratu du Iruñean (Nafarroa) egindako agerraldian. "Langile-klasearen borroka hedatzeko" beharra nabarmenduz eta "kapitalismoari kritika erdigunean jarriz", mobilizazioak bultzatuko ditu Mugimendu Sozialistak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

"Lan-gatazka, enpresen itxiera eta lan-kaleratzeen aro batean sartuta gaude bete-betean, eta horren atzean, besteak beste, inbertsio-funtsen eta enpresari handien interesak ezkutatzen dira. Krisi garaiotan kapitalistek langileon lan- eta bizi-baldintzak kaskartuz handitzen dituzte beren irabaziak", seinalatu du EHKSko bozeramaile Ander Goiatxek. Horiek horrela, martxoaren 17an "kapitalisten ofentsibaren" aurka borrokatzera deituko du antolakundeak: "Oligarkiaren eta kapitalismoaren izateko arrazoiak jarriko ditugu jopuntuan. Burgesiaren esku pribatuetan dagoen aberastasun horren guztiaren sozializazioa baita guztion ongizaterako baldintza".

Europar Batasunaren mandatu autoritarioak eta posizio inperialista

"Greba orokorrak, langile-klasearen pobretze-egoera erdigunean jartzearekin batera, egungo estatuen bilakaera autoritarioa seinalatzeko ere balio behar du, bi fenomenoak estuki lotuta baitaude", azaldu du EHKSk. Ezinbestekotzat jo du, beraz, "Europar Batasunaren gisako instituzio kapitalista eta autoritarioen mandatuei aurre egitea", besteren artean, "aurrekontu militarretara bideratzen ari diren dirua langile-klasearentzako zerbitzuak murriztetik ateratzen baita".

"Euskal Herria ez da uharte bat", ohartarazi du Goiatxek agerraldian. Eta hala sakondu du: "Ezin dugu ahaztu borroka-esparrua Europar Batasunaren aginteak ezartzen duela, batetik, eta Europako aberastasuna bere posizio inperialistak sostengatzen duela, bestetik". Adierazi du "borroka-molde eta egiturak birdefinitzea" dakarrela horrek, "langile-klasearen independentzia ardatz izanda".

Langileriarentzako bizi-baldintza unibertsalak, kapitalisten irabaziei erasoz

"Gutxien kobratzen dutenen soldatak igotzeko borroka" balioan jarri du EHKSk agerraldian, eta haratago ere joan da, kapitalisten irabaziei eraso egitea jo baitu beharrezkotzat horretarako: "Langile-klasearen pobretzea bizitzaren garestitzearekin, zerbitzuen murrizketekin eta lan-eredu prekarizatuekin lotuta dagoen testuinguru honetan, langile-klasearen bizi baldintza unibertsalak aldarrikatu behar ditugu kapitalisten irabazien sozializazioaren kontura".

"Langile-klasearen batasun politikoa erdiesteko" bidean, hala, bi "oinarrizko bi elementu" markatu ditu antolakundeak: "Bizi-baldintzen goranzko parekatzea, batetik, eta berdintze horren dimentsio internazionala, bestetik". Eta jarraitu du: "Klase-batasuna beharrezko elementua da Europar Batasunaren zein faxismoaren nazioarteko oldarraldiari aurre egiteko, eta hori erdiesteko, guztiontzako kalitatezko bizi-baldintzen alde lan egitea aurrebaldintza da".

Greba orokorra langile-klasearen antolakuntza sendotzeko

Martxoaren 17ko deialdira batzearekin batera, zenbait kezka ere atera ditu mahaira EHKSk: "Kapitalaren aurka greba orokorra antolatzeko arrazoirik ez da falta. Hala ere, kezkaz bizi dugu azken urteetan zabaltzen ari den greba-eredua. Sindikatuen zuzendaritzek beren artean adostu eta, ondoren, langileok grebara deitzen gaituzte".

Antolakundeak uste du halako deialdiek "nahasmendua eta desatxikimendua" sortzen dituztela "langile-klasearen zati handi batean", "ez direlako greba antolatzeko prozesuaren parte aktibo". Horren ordez, Goiatxek erreibindikatu du "greba orokorrek langile-klasearen antolakuntza eta erabakimena hedatzeko balio beharko luketela; eta, horregatik, berau deitzean zein grebaren emaitzez eztabaidatzean, langile-mugimendu antolatuak zeresan handiagoa izan beharko lukeela".

Hiru baldintza, langile-klasea subjektu iraultzaile gisa indartzeko

Horrekin guztiarekin batera, funtsezko zeregin bat azpimarratu du gaurkoan EHKSk; "langile-klasea subjektu iraultzaile gisa ardaztea, bera baita langileon pobretzeari aurre egiteko gai izango den gehiengo bakarra". Dena den, horretarako, zenbait baldintza bete beharko liratekeela iritzi dio.

Lehenik eta behin, "langile-klaseak nazioarteko indar antolatu bihurtu" behar duela azaldu du, "kapitalismoaren basakeriei neurri berdinean erantzuteko"; hala nola, "Europar Batasunaren agenda militaristari eta horren ondotik etorriko diren murrizketa-planei edo enpresen itxierei eta lan-kaleratze masiboei". Bigarrenik, aldarrikatu du "langile-klasea borrokan heztea" dela beste eginkizunetako bat, eta horretarako balio behar dutela greba-egunek. "Martxoaren 17an langileen artean borrokarako grina pizteko ekarpena egingo dugu", esan du. Hirugarrenik eta azkenik, "langile klasea-ideologikoki heztearen garrantzia" nabarmendu du EHKSk, gogoraraziz, horretarako, "etsaiak zein diren argi edukitzea ezinbestekoa" dela; "baita egoera honi aterabidea zein den etengabe azpimarratzea ere". Eta hala biribildu du esana: "Etsaia langileoi bizitza ezinezkoa egiten digun kapitalismoa da, eta aterabidea Estatu Sozialista baten eraikuntza da; kapitalismoaren gaindipena, alegia".