Atzo iluntzean, 19:00etan Egiako epaitegitik abiatuta, ehunka lagun mobilizatu ziren Inor ez kale egoeran lelopean. Goizean Martutenen izandako etxegabetze masiboa salatu zuten hala, Agustindarren eskola izandakoa hustu baitzuten elkarlanean Donostiako Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak, alternatibarik gabeko 100 pertsonatik gora bizitokirik gabe utziz. Manifestazioaren amaieran, hala laburbildu zuten goizekoa: "Hiru polizia mota, negoziatzeko inolako borondaterik ez, bultzadak, identifikazioak, hainbat atxiloketa eta kanporatze-aginduen tramitazioak".
Donostiako kolektibo ugarik antolatu zuten protesta, eta azaldu zuten Martuteneko desalojoa "migratzaileen kriminalizazio sistematikoaren eta instituzioen utzikeriaren beste froga bat baino ez" dela, Donostian "kalean bizi diren 500 pertsona baino gehiagok pairatzen duten muturreko gizarte-bazterketaz" ohartaraziz.
Etxegabetutako pertsonen erdia, kale gorrian
Donostiako Udalak La Sirena aterpetxea ireki zuen bezperan, "azken orduan eta gizarte-mugimenduek egindako presioari esker". Hala ere, jakinarazi dute Martutenen etxegabetutako lagunen erdiak baino gutxiagok dutela plaza bat bertan, 50 inguruk, eta gaueko 21:00etatik 08:00etara baino ezin dutela espazioa erabili. "Beste asko, ordea, kanpoan geratu dira, kalean".
"Oraindik ez dakigu zer irizpide erabili dituzten erabakitzeko nor sartu den eta nor ez, ezta epe ertain-luzerako planak zein diren ere", zioten atzo. Gainera, batzuei bezperan "azken-azken unean" esan zieten gaueko 21:00etan La Sirenara joan zitezkeela, "beren objektu pertsonalak eramateko aukerarik eman gabe"; eta salaketa egin duten kolektiboek gogorarazi dute udalaren partetik ez dela inolako neurririk egon azken unera arte.
"Konponbideak eskatzen jarraitzen dugu pertsona horientzat guztientzat, berriz diogu: guztientzat", nabarmendu zuten. Izan ere, berriz eman zuten abisua: Donostian 500 lagun baino gehiago daude kale egoeran.
Etorkinen kontrako kriminalizazioa
Atzoko mobilizazioan, arrazakeriaren kontra antolatzera ere deitu zuten manifestariek. "Magrebtarrek Donostian pairatzen dituzten gorrotoa eta deshumanizazio maila ideia atzerakoien eta arrazakeriaren gorakadaren adierazle beldurgarria dira. Diskurtso hori guztia interes nabariekin eraiki da, Martutenen edo hiriko beste edozein lekutan bizi ziren gazte horiekin inoiz hitz egin gabe; inoiz galdetu gabe zerk eraman dituen leku horietan bizitzera, zein egoerak ekarri dituen hona edo zer aukera erreal dituzten", adierazi zuten.
"Pertsona horiei guztiei Donostian orain arte eskaini zaien bakarra hiru hilabetean behin aterpetxe batean bost gau ematea da eta, hortik aurrera, kalea da geratzen zaien alternatiba bakarra. Indar polizialek bortizki botatzen dituzte parkeetatik, atarietatik, eraikinen azpietatik eta gaua igarotzeko erabiltzen dituzten gainerako espazioetatik", jarraitu zuten: "Gaur Martuteneko institutua hustu dute, erabil dezaketen leku estali bakarretako bat, eta lortu duten gauza bakarra da bertan zeudenen bizi-baldintzak are gehiago zailtzea".
Baliabide sozialak, Atzerritartasun Legea eta etxebizitza-politikak
Pertsona etorkinei ezartzen dieten Atzerritartasun Legeari ere eman zioten azpimarra mobilizazioan, lege "erabat diskriminatzailetzat" joz: "Bi urtez gutxienez modu irregularrean bizitzera behartzen ditu, existentziarako eskubiderik gabe, oinarrizko bizi-baldintzarik gabe, etxebizitza eskuratzeko aukerarik gabe, lan-baimenik gabe eta, beraz, diru-sarrerarik gabe".
Horiek horrela, "gizarte-baliabideen gabeziaz" gain, atzerritartasun-politikak eta etxebizitza-politikak jarri zituzten jopuntuan, eta erakundeen erantzukizuna nabarmendu zuten. "Guztiontzako eskubideak exijitzen ditugu, kalitatezko etxebizitza izateko eskubidetik hasita".