Espainiako Estatuko kostaldera itsasoz heldu nahian, Marokoko uretan desagertu dira 70 lagun inguru. Itxura denez, 80 bat pertsona zihoazen ontzi berean, baina hondoratu egin zen Marokoko eremuan. Maliko Gobernuak eman du hondoratzearen eta desagerpen masiboaren berri, izan ere, badirudi maliarrak direla migratu nahian ari ziren pertsona gehienak. Haietatik hamar besterik ez dituzte erreskatatu itsasoan.
Atzo bertan atera zen argitara Caminando Fronterasen txosten bat: aurten, gutxienez 10.457 lagunek galdu dute bizia Afrikatik Europara migratu nahian; batez beste, beraz, egunean 30 heriotza izan dira. Orain arte erregistratutako urterik hilgarriena izaten ari da honakoa, %60 egin baitute gora migrazio-bideetako hilketek.