ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/18 14:15

Aurreko igandean, azaroaren 16an, protesta bat izan zen Amara Berriko (Donostia, Gipuzkoa) Olaeta plazan, euren asilo-eskaerak tramitzeko esperoan dauden maliarrekin elkartasunez. Gerratik ihes egitea ez da delitua! Irtenbidea maliarrentzat orain! aldarritzat hartuta elkarretaratu ziren hainbat eta hainbat lagun, eta salatu zuten Donostiako Udaltzaingoak aurreko astean atxilotu zituela Maliko bost pertsona Kofradia Donostiarren plazan. 

Udaltzainek Espainiako Poliziaren esku utzi zituzten bost errefuxiatuak, eta haiek kanporatzeko espedienteak ireki dituzte jada. Deportatuak izateko arriskuan daude, beraz. Amara Berri Ehuntzen plataformak ohartarazi duenez, Jon Insausti (EAJ) alkateak kargua hartu bezain pronto gertatu da hori.

"Alkate berriaren lehenengo ekintza izan da udaltzaingoa bidaltzea gerratik ihes egiten ari diren eta asilo politikoa eskatzeko zain zeuden pertsona batzuk atxilotzera", dio plataformak. Insaustiri eta "teorian persona guztien giza-eskubideak defendatzeaz harro agertzen diren instituzioei" leporatu die, hala, "diskurtso handien propaganda soila" egitea: "Hitzetatik ekintzetara pasatzea egokitzen denean, indarra erabiltzen dute traba egiten dien oro desagerrarazteko".

"Jokabide hau baldintza berberetan zeuden Maliko 60 herritar, Amara Berriko auzoan egon zen mobilizazio herritarrari esker, kale-egoeratik ateratzea lortu eta hiru hilabetera gertatu da", salatu du Amara Berri Ehuntzenek. Gogorarazi du, "udan erakutsi genuen moduan, soilik antolatuak bagaude lor dezakegula instituzioek giza-eskubideak betetzea"; eta horregatik, beharrezkotzat jo du Maliko asilo-eskatzaileekin elkartasunez mobilizatzea.

Elkartasuna Gasteizen ere

Gasteizen (Araba) ere badira dozenaka maliar asilo-eskaerak tramitatzeko zain, kale-egoeran gaur egun: 40 bat dira kale gorrian egon beste aukerarik ez dutenak, askori 2028rako eman baitizkiete asilo-eskaera izapidetzeko hitzordu administratiboak, bizitoki-alternatibarik gabe bitartean. Aurreko ostiralean, egoera horretan dauden lagunentzako irtenbide bat exijitu zuen Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, protesta baten bidez.


Irakurri hemen asilo-eskaera tramitatzeko zain dagoen maliar bati GEDAR LANGILE KAZETAk egindako elkarrizketa.

NO HAY COMENTARIOS