Joan den larunbatean, milaka lagun atera ziren kalera Madrilen, Carlos Palominoren erailketaren 16. urteurrena zela-eta. Carlos vive, la lucha sigue. El mejor homenaje continuar la lucha aldarritzat hartuta, Madrilgo erdiguneko kaleak zeharkatu zituen manifestazio jendetsuak: Atochatik hasi zen eta Legazpin amaitu zen, Palomino erail zuten metro-geralekuaren parean.
"Carlos vive, la luche sigue" eta "Carlos, hermano, nosotros no olvidamos" bezalako oihuekin oroitu zuten 2007an militar faxista batek odol hotzean eraildako gaztea. Harago, baina, faxismoaren kontrako aldarri ozenak entzun ziren Madrilen. ohi bezala: "Fuera fascistas de nuestros barrios", "Madrid será la tumba del fascismo", eta abar.
Borroka antifaxistan eraila
Josué Estébanez izeneko faxistak 2007ko azaroaren 11n erail zuen Palomino, Madrilgo metro barruan. Democracia Nacional alderdi faxistak mobilizazio arrazista bat zeukan deituta egun horretarako, Usera langile auzoan, eta PSOEren gobernuak Madrilen zeukan ordezkariordetzak baimendu eta legeztatu zuen deialdia. Estébanez, hain justu, mobilizazio arrazista horretara bidean zen azaroaren 11 horretan, metroan, Palomino eta beste hainbat lagun topatu zituenean.
Izan ere, mobilizazio faxista horren kontra, protesta antifaxista bat zegoen antolatuta, faxistak geratzeko. Palomino eta beste hainbat gazte protesta antifaxista horretan parte hartzera zihoazen, Legazpiko metro-geralekura iristean, Estébanezek eraso egin zienean. Militar faxistak bihotzean sastatu zuen Palomino, hitzik egin gabe, eta bertan erail zuen; 16 urte baino ez zituen gazteak. Palominorekin zihoazen beste hainbat antifaxista ere zauritu zituen, bat larriki.
2007tik preso dago Estébanez. Bi urte beranduago epaitu zuten, eta 26 urteko kartzela-zigor bat jarri zioten. Iaz eman zioten aurreneko baimena espetxetik irteteko, Palominoren hilketaren 15. urteurrena gainean zenean.
Argazkiak: Dani Gago eta Madrilgo Koordinadora Antifaxista