Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo iragarri zuen, Zipretik, misio militar "defentsibo" bat prestatzen ari dela Frantzia, bere aliatuekin batera. Ormuzko itsasartea "berriro irekitzea" omen da asmoa, petrolioa eta gasa garraiatzen duten ontziei eskolta emanez. Operazioak, Ekialde Hurbilean "gatazkaren fase beroenetik irten ondoren" egingo denak, igarobide estrategiko horretatik zirkulatu ahal izatea bermatu nahi du, munduko petrolio gordinaren %20 pasatzen baita bertatik. Itsasartea ia-ia guztiz blokeatuta dago otsailaren 28an Israelek eta AEBek Iranen aurkako oldarraldia hasi zutenetik. Macronen hitzetan, misioa "baketsua" izango da eta Europako nahiz Europatik kanpoko aliatuekin gauzatuko da; besteak beste, India eta Asiako beste herrialde batzuk, antza.
Frantziako agintariak zehaztu duenez, maniobrak "bi fragata" barne hartuko ditu, Aspides operazioaren baitan; Europar Batasunak 2024an jarri zuen martxan operazio hori, Itsaso Gorrian. Horrez gain, zortzi fragata, bi anfibio-ontzi eta hegazkin-ontzi bat (Charles de Gaulle) ere mobilizatuko omen ditu Frantziak Ormuz inguruan. Frantziako, Italiako eta Espainiako gobernuek fragata bana bidali dute jada eskualdera, gatazkan gero eta militarizazio handiagoa dagoela agerian uzten duen hedapen batekin.
Paphosko base militarrera egindako bisitan, Macronek elkartasuna adierazi zion Nikos Christodoulides Zipreko presidenteari, Iranen aurkako erasoa hasi eta egun batzuetara droneekin eraso baitzioten uharteari. "Zipreri erasotzen diotenean, Europa da erasotua", esan zuen. Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroa ere izan zen bisita-ekitaldian, eta adierazi zuen misioak "erabat defentsiboak" direla, "konpromiso militar orotatik urrun" daudenak. Bestalde, ohartarazi zuen "ez dugula onartuko Europako lurralde-zatirik txikiena ere, Zipre kasu, arriskuan jartzea". Errepublika Islamikoak ukatu egin du Zipreri droneekin eraso egin izana.
Macronek iragarritako misioa petrolio-upelaren prezioak 110 dolarrak gainditu ostean iritsi da, horniduraren etenaldi luze bat izateko beldurra tarteko. Mendebaldeko petrolio-enpresa handiek, bitartean, etekinak areagotu dituzte krisi energetikoaren kontura. "Europaren defentsa" eta "babesa" aitzakiatzat hartuta, garrantzi handiko operazio militar bat daukate esku artean aipatutako agintariek, bakea bilatu beharrean, potentzia industrialentzako baliabide energetikoen fluxua bermatu nahi duena. Bitartean, Irango eta inguruko herrialdeetako biztanleria zibilak eraso-gerra baten pisua jasaten jarraitzen du, eta dagoeneko 1.300 pertsona baino gehiago erail dituzte oldarraldian. Itsasartea "berriz irekitzea", "misio humanitario" gisa aurkeztu dutena, petrolioa ordain dezaketenengana iristen jarraitzeko operazioa da, Iranek, Libanok eta Palestinak beren hildakoak lurperatzen jarraitzen duten bitartean.