ACTUALIDAD / Defensa de la tierra
Lurraren defentsarako manifestua sinatu dute 50 bat kolektibok
"Industrializazio berdea" salatu du Euskal Herria Bizirik sareak. Maiatzaren 23an mobilizazio bat izango da Gasteizen, makroproiektuei ezetz esateko.
2026eko apirilaren 27 - 07:31
Lurraren defentsarako manifestua sinatu dute 50 bat kolektibok

Euskal Herria Bizirik plataformak aurreko larunbatean argitaratu zuen manifestu bat, lurraren defentsan aritzen diren 50 eragile eta kolektibo inguruk babestu dutena. Gaur egungo larrialdi ekologikoa aztertzen du idatziak, eta lurraldeko ekosistema naturala zein landa-eremua mehatxatzen dituzten industrializazio-politikak salatzen ditu, horien aurka borroka egitera deitzearekin batera. Krisi ekologiko globalari erantzuteko asmoz aurkeztu dute ekimena, planetako bederatzi muga biofisikoetatik zazpi segurtasun-eremutik kanpo baitaude dagoeneko, sarearen esanetan. Manifestuaren arabera, egoera hori ez da kasualitatea, etengabeko hazkunde ekonomikoan eta erregai fosilen erabilera masiboan oinarritutako ekoizpen- eta kontsumo-eredu baten eragina baizik.

Industrializazio berdeari eta makroproiektuei kritika

"Elite politiko-ekonomikoek proposatutako konponbideak", Green New Deal bezalako leloak daramatzatenak, "merkatu-hobi berriak aktibatzeko saiakera bat besterik ez" direla salatu dute sinatzaileek, eta "industrializazio berde" gisa saltzen dela hori. Uste dute, hala, ezinezkoa dela gaur egungo larrialdia gainditzea "metaketa kapitalistaren eredua zalantzan jarri gabe, eredu horrek irabazi ekonomikoa lehenesten baitu ongizate globalaren gainetik". Eta gaineratzen dute: "Politikari eta enpresarien inposaketen aurrean, justizia soziala eta natura babestea helburu harturik, lurra defendatzen jarraituko dugu".

Lurzoruaren galeraz eta horren larritasunaz ere ohartarazten du testuak, Europako Ingurumen Agentziaren hainbat datu gogora ekarriz: 2012 eta 2018 artean, 400 km² artifizialdu zituzten urtean. Testuinguru horretan, gaur egungo makroproiektu suntsitzaileenetako batzuk seinalatzen ditu zuzenean manifestuak: "Makro mailako berriztagarriak, biometanizazio plantak, datu zentroak, AHTa, Petronorren elektrolizatzailea, Olaztiko erraustegia, Gatikako interkonexio elektrikoa, goi tentsioko lineak...".

Mobilizazioa Gasteizen maiatzaren 23an

Testua aurkezteaz gain, datorren maiatzaren 23an Gasteizen (Araba) izango den manifestaziora batzeko deia egin du Euskal Herria Bizirikek. Makroproiekturik ez! lelopean antolatu dute mobilizazioa, eta helburua da lurraren defentsa aldarrikatzea gaur egungo eredu ekonomikoaren aurka, "erakundeek zein korporazio handiek bultzatutako ingurune naturalen eta landa-eremuaren suntsiketa" gelditzera deitzearekin batera.