ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / EITB
2024/09/24 09:14

Israelgo Estatu genozidak atzo jarri zuen martxan Iparraldeko Geziak izeneko operazio kriminala: Libanon orain arte egindako bonbardaketarik masiboenei ekin zien, iturri sionisten esanetan, 1.300 eraso egin baitzituen egun osoan zehar. Azken urtean Gazako Zerrendan egin bezala, mehatxuzko ebakuazio-aginduak eman zituzten atzo sionistek: esaterako, Libano hegoaldeko eta Bekaa haraneko (ekialdean) biztanleei agindu zien euren etxeak eta lurrak utz zitzatela, zonaldea bonbardatzen hasiko zirelako.

Guztira, gutxienez 492 pertsona erail dituzte sionistek azken orduetan, tartean 35 haur, eta ia 2.000 zauritu dituzte. Gerra Zibila amaitu zenetik (90eko hamarkadan) Libanon izan den hildako kopururik handiena da jadanik. Sionistek aitzakiatzat hartu dute bonbardatutako eremuak Hezbollahren "ezkutalekuak" direla; ezaguna egiten den aitzakia bat, palestinarren kontrako sarraskia egiteko erabili izan dituen argudioei erreparatuz gero.

Libano hegoaldetik milaka lagun hasi dira ihes egiten, sionisten erasoen ondorioz. Agintaritzek Libanoko ikastetxeak eta bestelako zentroak ixteko agindua eman dute, eta errefuxiatuentzako babeslekuak irekitzen ari da, Beiruten eta Sidonen adibidez.

Sionismoaren izaera faxista

Aurretik Palestinako biztanleriaren kontra egin bezala, agintaritza sionistak hasi dira jadanik Libanoko biztanleriaren aurkako adierazpen faxistak egiten. Israelgo Diaspora-Auzien ministro Amichai Chiklik, hain justu, berriki eskatu du Libanoko "biztanleria etsai xiitaren" aurkako garbiketa etnikoa, eta esan du Libanoko Estatua ez dela "estatuaren definizioa" betetzen duen entitate burujabe bat.

Palestinarren aurkako borrokan, sionismoaren funts faxista erakusten duten antzeko hainbat adierazpen egin dituzte Israelgo Estatuko agintariek azken urtean. Iazko urrian, Gazako Zerrendan ofentsiba militarra hasi zuenean, ondokoa adierazi zuen Defentsa ministro Yoav Gallantek: "Erabateko setio bat agindu dut Gazan. Ez da elektrizitaterik egongo, ez eta elikagairik, urik edo erregairik ere; dena itxita dago. Giza-animalien kontra ari gara borrokan, eta horren arabera ari gara jokatzen".

Hezbollahren erantzuna eta hainbat herrialderen erreakzioak

Oldarraldi sionistaren kontrako erantzun modura, Hezbollahk suziriak bota zituen atzo Goi-Galileara eta Behe-Galileara, Haifa ingurura, Golango gainetara eta Tel Aviv ingurura. Badirudi gutxi gorabehera 200 suziri jaurti zituela egunean zehar, sionisten hainbat base militarri erasoz. Gobernu sionistak "egoera berezi" deituriko larrialdi-erregimen legala ezarri du bere kontrolpeko eremuan.

Sionisten eraso kriminalak salatu ditu, besteak beste, Iranek: azaldu du "ondorio arriskutsuak" izango dituela Israelgo Estatuak Libanon hasitako ofentsibak. Amerikako Estatu Batuek, Mendebaldeko beste gobernu batzuen modura, babesa adierazi diote gobernu sionistari: Hezbollahrengandik "defendatzeko" duen "eskubidea" aldarrikatu dute.

Aurrekariak

Atzo, besteak beste, Beirut bonbardatu zuten sionistek. Azken astean Libanoko hiriburua bonbardatzen duen bigarren aldia da, eta laugarrena 2023ko urritik (palestinarren kontrako oldarraldi militarra hasi zenetik) hona. Estatu sionistak "fase berri batean" sartu du Libanorekiko gerra-frontea, eta horren abiapuntua izan ziren aurreko asteko atentatu koordinatuak: milaka gailu elektroniko urrutitik leherrarazi zituen Libanon eta Sirian, dozenaka pertsona erailez eta milaka lagun zaurituz, eta azken urtean tarteka baina etenik gabe egindako bonbardaketak areagotu zituen.

NO HAY COMENTARIOS