Beste beto politiko bat jarri diote Mugimendu Sozialistari Euskal Herrian, kasu honetan, Lesakan (Nafarroa). Txosnagunean parte hartzea ukatu diote Gazte Koordinadora Sozialistari, eta Mendialdeko GKSko kideek azaldu dutenez, "Sortuk eta EH Bilduk sostengaturiko kanporaketa bat izan da, Mugimendu Sozialistaren aurkako erasoei jarraipena eman" diena.
Gertakari zehatzen berri eman du GKSk, sare sozialen bidez: "Txosna batzordean sartzeko interesa agertu genuenean, Sorturen aginduz, GKSk txosnetan parte hartzea debekatua zeukala jakinarazi ziguten. Azalpen eske joan ginenean, erantzuna birplanteatuko zutela erran ziguten, eta hala, bigarren proposamen bat egin ziguten txosna batzordetik: zortzi orduko txanda bat egitea xox batzuen truke, baina ez eragile moduan". Hainbat ondorio zuzen ditu, gainera, eragile gisara parte ez hartzeak: "txosna batzordeko erabakietan parte hartzea, txanda gehiago egin ahal izatea, propaganda jartzea eta abar ukatu zaizkio GKSri".
"Beraien menpe jarri, beraien baldintzak onartu eta GKS ikusezin egitea izan dute helburu", salatu dute GKSko kideek. "Bi aukera eman dizkigute, beraz", diote: "onartezina den proposamen bat onartzea edo txosnarik gabe geratzea. Eta modu horretan, orain arte espazio irekia izan den txosnagunea pribatizatu du Ezker Abertzaleak".
Eskubide baten ukazioa
"Urte aunitz dira Lesakan zein Euskal Herriko bertze hamaika txokotan eragile ezberdinek txosnak jartzen dituztenetik. Instituzioetatik kanpo antolatzen garen eragileontzat ezinbertzeko bitartekoa dira txosnak gure jarduna aitzinera ateratzeko. Sozializazio espazio garrantzisu bat izateaz gain, jardun politikoa gauzatu ahal izateko sostengu ekonomikorako beharrezko erreminta dira", nabarmendu dute Mendialdeko GKSko kideek.
"Minimo batzuen baitan eta elkarrekiko errespetuan oinarrituz, eragile desberdinek osatu dituzten espazio irekiak izan dira txosnak. Eta Nafarroan aski ezagunak diren alderdi, udaletxe eta gobernu faxisten debeku saiakeren aitzinean, txosnak jartzeko eskubidea izan da hamarkadetan zehar eragile horiek izan duten aldarrikapena", ekarri dute gogora: "Txosna jartzeko eskubide horixe da, hain zuzen ere, GKSri ezeztatu zaiona. Baina kasu honetan ardura ez da UPNrena izan, ez. Ezker Abertzalea eta Lesakako Udala gobernatzen duen EH Bildu izan dira oraingoan minimo politikoak deuseztatu dituztenak".
Mugimendu Sozialistari ezarritako debekuan EH Bilduk izan duen eginkizunari egin dio azpimarra GKSk: "Egoeraren jakitun izan arren, txosnaguneko kontuetan ez direla sartuko esan digute, eta bertze espaziorik erabiltzea ez digutela baimenduko. Txosnagunearen izaera itxia eta pribatizazioa onartu ditu eta GKSren gaineko debekua baimendu".
Hortaz, EH Bilduk Sorturi eman dion mesede tratua "agerian geratu" delakoan dago GKS, eta horrek "ustelkerian pentsarazten" duela ere salatu du: "Bere parte den Sorturi espazio publiko baten erabilera baimentzen dion bitartean, gainerako eragileoi eskubide bera ukatzen digute".
Estrategia orokorra
Mendialdeko GKSk, dena den, ohartarazi du halako erasoak ez direla Lesakan soilik gertatu: "Euskal Herriko beste hainbat lekutan ere txosnetatik kanporatuak izaten ari gara Ezker Abertzalearen aginduz, eta bereak eta bi egiten ari dira mugimendu politikoari ahalik eta baliabide gehien kentzeko. Arrazoia? Beraienarekiko kontrajarria den programa politiko bat defendatu eta gure jarduna independentzia osoz gauzatzea".
Ezker Abertzalea erakusten ari den "izaera antikomunista" ere seinalatu du, eta ikusten ari dela "zertara iristeko gai den" Mugimendu Sozialistaren aurkako "ekinaldi horretan".
Determinazioa
"EH Bilduren eta bere baitako indar nagusia den Ezker Abertzalearen erabaki aldaketan aurkitzen dugu egoeraren irtenbidea: edo orain arteko txosnagunea denontzako espazio bat bilakatzen da berriz, edo espazio berri baten erabilera baimentzen digute", zehaztu dute GKSko kideek: "Hala gertatzen ez bada ere aitzinera segituko dugula jakinarazi nahi dugu, ez gaituztela kikilduko eta, zailtasunak zailtasun, sozialismoaren eraikuntzan segituko dugula determinazioz".