Sébastien Lecornu Frantziako lehen ministroak Asanblea Nazionalaren aurrean iragarri du bertan behera utziko duela 2023ko pentsioen erreforma, "presidentetzarako hauteskundeak egin arte". Beraz, 2028ko urtarrilera arte behintzat, ez dute erretiro-adina atzeratuko. Emmanuel Macronen agintaldiko punturik eztabaidagarrienetako bat izaten ari da pentsioei buruzko neurri hori, eta aipatutako behin-behineko kontzesioa egingo du ezkerraren presioaren aurrean, blokeo parlamentarioa izaten ari den une batean. Lecornuren arabera, erreforma eteteak "400 milioi euroko kostua izango du 2027an" eta "3,5 milioi frantziarri" eragingo die.
Eliseoak, dena den, beste murrizketa bat sartu du 2026rako aurrekontu-proiektuan: deuseztatu egingo ditu bekadunen kotizazioen salbuespenak, eta horrek zuzenean murriztuko du langile-klasearen sektore horren soldata garbia. Orain arte, ikastunen ordainsariak, neurri handi batean, salbuetsita zeuden kotizazioetatik eta Gizarte Kontribuzio Orokorretik; eta, horren ondorioz, haien soldata garbia ia gordinaren berdina zen. Orain, kotizazio-salbuespena erabat ezabatuz, bete-betean murriztuko dituzte haien soldatak.
2023an onartutako pentsioen erreformak mobilizazio masiboak eta hilabete batzuetako protesta sindikalak eragin zituen. Orain, zatikatutako Asanblada batean, ezkerreko alderdiek (Fronte Popular Berriaren koalizioan bilduta) euren eskaeren erdigunean kokatu dute erreforma indargabetzea. Neurriak sortutako tentsioak "ulertzen" dituela esan du Lecornuk, baina azpimarratu du ezin dela ukatu "kotizatzaile gutxiago eta pentsiodun gehiago" dituen sistema baten errealitatea.
Lehen ministroak ziurtatu du, halaber, ez duela konstituzioaren 49.3 artikulura joko. Artikulu horrek legeak dekretuz onartzea ahalbidetzen du, hau da, parlamentuan bozkatu gabe. Bere aurrekoak, François Bayrouk, mekanismo gatazkatsu hori erabili zuen aurrekontuak inposatzeko, eta horrek kritika eta protesta gogorrak piztu zituen.
Lecornuk, oraingoan, "parlamentuan konfiantza izateko" deia egin du, eta hitzeman du Frantziako Estatuko defizit publikoa murriztuko duela, 2026an BPGaren %5etik beherakoa izan dadin. Horretarako baldintza gisa markatu du aurrekontu-proiektu "serio eta fidagarri" bat onartzea, eta gainera, "dirutza handientzako aparteko ekarpena" eztabaidatzeko konpromisoa hartu du. PSk onartu du gobernuari emandako babesa "apustu arriskutsua" dela.