Azken asteetan, hainbatetan hurbildu da Euskal Herrira DesokupaCyL enpresa parapoliziala, baina orain arte argitara atera ez duen interbentzio baten berri eman du gaur goizean: Lasarten (Gipuzkoa) ere etxegabetu nahi du emakume bat, Erribera kalean hain zuzen ere. "Ikusiko dugu ea zer gertatzen den, ea zein akordiotara iristen garen, eta ea bota dezakegun hilabete eta erdian", esan du enpresako matoietako batek sare sozialetan: "Okupak kanpora".
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta AZETek atzo bertan eman zuten abisua, desokupazio-taldea berriz ere Bizkaian zela salatuz; gutxienez hiru etxegabetze gauzatu nahi dituzte faxistek Barakaldon, Bilbon eta Zornotzan. Badirudi, ordea, hiru horiek ez direla DesokupaCyLek Euskal Herrian esku artean dituen kasu bakarrak, eta ez dela Bizkaian bakarrik jarduten ari.
Hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, aurreko astean egin baitzuen agerraldi bat "alerta antifaxista" aktibatuz eta desokupazio-enpresei aurre egitera deituz, haien izaera faxista nabarmenduta. "Ez dugu onartuko faxista horiek berriro etortzea eta inpunitate osoz jazartzea", azaldu zuten sindikatuko kideek.