ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Arriaran Avia Langileak
2020/01/16 17:33

2019. urteko abenduan ekin zioten Tolosako (Gipuzkoa) Arriaran Avia gasolindegiko beharginek euren lanpostuetan bizi duten egoera salatzeari. Soldata igoera aldarrikatu zuten batez ere; 1.000 euroko soldata dute, eta asteburuetan zein lanegunetan ere joan behar izaten dute lanera. Hala, itun propioaren eskaera atera zuten mahaira langileek, baita aldarrikapen horri bide eman ere, azken bi hilabeteetan: sare sozialak zein pankartak erabili dituzte euren egoeraren berri emateko, eta boikotera dei egin zieten gasolindegiko erabiltzaileei.

Momentuz, enpresak ez du negoziazioa irekitzeko borondaterik erakutsi, nahiz eta zenbait bilera izan diren, ordezkari sindikalak tarteko. Langileen eskaera da, soldata igoeraz gain, lan-erreformaren aurkako blindatzea eta egutegiari lotutako hainbat baldintza jasotzea itun propioak. Dena den, zuzendaritzak ez ditu exijentziak onartu. Esaterako, soldatei dagokienean, hilean 60 euro gehiago ordaintzeko proposamena egin zuen enpresak, "ikuskapen" baten arabera, baina.

Orain, borrokan jarraitzeko asmoz, mobilizazioekin hasteko aukera aztertzen ari dira beharginak. "Argi dago, borroka eginez gero, helburuak lortu egiten direla", adierazi zioten Tolosaldeko Ataria-ri abenduan.

Zama bizkar gainean

1949. urtean jarri zuten martxan Arriaran Avia gasolindegia, Tolosako Larramendi auzoan. Egun, sei langilek jarduten dute bertan; errelebo kontratuarekin batek, eta kontratu finkoarekin beste bostek. Egutegi gogorraz eta soldata baxuaz gain, lan egoerari lotutako beste hainbat baldintza salatu dituzte azkenaldian; esaterako, adierazi dutenez, diru kutxan akatsen bat egiten badute, lantegiko kudeatzaileak soldatatik kentzen die kopuru bat.

Bestalde, kudeatzailearen irainak zein euren propagandari egindako zentsura aipatu dituzte langileek.

NO HAY COMENTARIOS