Kaleratzeen
aurkako mobilizazioa egin dute gaur Servicios Siderurgicos
Industrialeseko beharginek Basaurin (Bizkaia).
Maiatzaren 12an, Basauriko
Sidenorrek azpikontratatutako SSIren
zuzendaritzak lan-erregulazio txosten
bat aurkeztu zion enpresa-batzordeari; bertan,
26 langile kaleratzeko asmoa azaltzen zuen.
Enpresarekin izandako
bileretan, LAB sindikatuak "txostenak baztertzea" eta "akordiorako aukerak
aztertzea" eskatu zion zuzendaritzari.
Bileren ostean, behin betiko
proposamena egin zuen enpresak, eta 17 langile kaleratzea ebatzi zuen. Maiatzaren 29an egin zuten asanbladan, "lankideen kaleratzea ahalbidetzen zuen proposamenaren aurka”
bozkatu zuten langileek,
eta horrela, neurria atzera botatzea lortu zuten behin-behinean.
Mehatxuak
Gerora,
ordea, zenbait langileri kaleratze gutunak
helarazi zizkien patronalak ekainaren 12an.
Esku hartze hori "langileen kontrako mendekua" dela ulertzen du
LABek. Izan ere, ez da SSIko zuzendaritzak "xantaia eta mehatxua" darabilen lehen
aldia; salatu dutenez, langileek murrizketak onartzeko "eurekin
lan egiteari uzteko aukera luzatu izan du
maiz Sidenorrek". Azpikontratazioa "langileen lan-baldintzak
prekarioago bihurtzeko" baliatzen ari direla ere salatu dute.