ACTUALIDAD / Régimen salarial
Langileak kaleratzen hasi da Maderas de Llodioko zuzendaritza
39 behargin kaleratuko dituzte momentuz. Ostiral honetan egingo dute manifestazio bat.
2025eko urriaren 23
Langileak kaleratzen hasi da Maderas de Llodioko zuzendaritza
— ARGAZKIA UGT

Laudioko (Araba) Maderas de Llodion beharginak kaleratzeari ekin dio jada enpresako zuzendaritzak. Langile-batzordeak jakinarazi du aste honetan hasi direla enplegu-erregulazioak jasotzen duen kaleratze kolektiboa burutzen, plantilla osatzen duten 151 langileetatik 39 botatzeko.

Izatez, epe bat ireki zuen zuzendaritzak, espedientera euren "borondatez" aurkeztu nahi zuten langileentzat; baina, epe hori amaituta, kaleratze-gutunik edo bestelako jakinarazpen ofizialik helarazi gabe hasi da zuzenean kaleratzeengatiko kalte-ordainak ematen. Horrela jakin dute kanporatutako pertsonek errealitate bat dela dagoeneko euren kaleratzea. Urriaren 13an amaitu zen espedientearen inguruko kontsulta-aldia, enpresaren eta langileen arteko akordiorik gabe.

Enpresako zuzendaritzaren jarreraz gain, Eusko Jaurlaritzarena seinalatu du langile-batzordeak. Bi asteko itxaronaldiaren ostean, batzordeko kideak herenegun bildu ziren Jaurlaritzako ordezkariekin, baina Industria Sailak ez zion kaleratzeen aurka esku hartzeko aukerari heldu ere egin, langile-batzordearen esanetan.

Plantillak hilabete darama greba mugagabean, kaleratzeei aurre egiteko, irailaren 22an jo baitzuen lanuztera. Ostiral honetan, urriaren 24an, manifestazio bat egingo dute beharginek Laudion, 18:30ean Eroskiko biribilgunetik hasita.