ACTUALIDAD / Régimen salarial
Langile bat oso larri eta bederatzi kaltetu, Durangoko Montorretasen atzemandako artsenikoagatik
Analisietan, artseniko-maila ikaragarriak topatu dizkiete beharginei. Prebentziozko neurrien gabeziak eta analisien inguruko informazio falta salatu dute.
2026eko maiatzaren 9 - 10:09
Langile bat oso larri eta bederatzi kaltetu, Durangoko Montorretasen atzemandako artsenikoagatik
— ARGAZKIA Telecinco-ren bidez

Durangoko (Bizkaia) Montorretas enpresan aritzen diren langileei artseniko-maila izugarriak aurkitu dizkiete berriki: hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, oso egoera larrian dago behargin bat, eta beste bederatzi pertsona daude kaltetuen artean; bajan daude momentu honetan. Egindako analisi medikoei esker jakin dute artseniko-maila altuak dituztela langileek, gomendatutako kantitate maximoen oso gainetik.

Berunezko perdigoiak egiten dituzte Montorretasen, eta 30 bat beharginek jarduten dute bertan. Haien esanetan, lankide batzuen kasuan, topatutako artseniko-mailak bikoiztu egiten du normaltzat jotzen den kantitatea; beste kasu batzuetan, are larriagoak dira atzemandako mailak. Fabrikan urte luzez aritu den langile baten egoera da larriena: une honetan, Galdakao-Usansoloko (Bizkaia) ospitalean dago.

Beharginek metal astunekin lan egitearekin lotu dute artseniko-maila altua, eta prebentziozko neurrien gabezia ere salatu dute: babeserako ekipamendu falta, arazoak aspirazio-sistemetan... Horrez gain, analisietako emaitzei buruzko informazio falta ere nabarmendu dute. Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ikerketa-lanak abiatu dituzte antza.