Hego Euskal Herriko hainbat sindikatuk atzo argitaratutako txosten baten arabera, lan-istripu hilgarrien kopuruak gora egin zuen 2020an. Hori ez ezik, Joaquin Beltran langileak Zaldibarko (Bizkaia) hondakindegian desagertuta jarraitzen duela gogorarazi dute.
Datuei erreparatuta, Arabakoak dira daturik makurrenak: 2019an baino hamabi behargin gehiago izan ziren erailak pasa den urtean. Bestetik, Gipuzkoan nahiz Bizkaian zortzi heriotza gehiago izan ziren soldatapean. Nafarroan, aldiz, behera egin zuen kopuruak iaz.
Sindikatuek bildutako datuak zein instituzio publikoek maneiatzen dituztenak bestelakoak direla aditzera eman da, bestalde. Izan ere, alde handia dago Osalan eta NOPLOIren datuak aztertuz gero: Osalanek iaz 27 hildako identifikatu zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta NOPLOIek, aitzitik, 11. Sindikatuen datuen arabera, ordea, Hego Euskal Herrian gutxienez 72 langilek galdu zuten bizia soldatapean 2020an.
Konfinamendua izan zen arren, gora egin zuen eraildako langileen kopuruak
Eraildako beharginen kopuruak %52 egin zuen gora aurreko urtean, hortaz. Hala, "lan-jardueraren geldialdi edo murrizketa horiek gorabehera, lan-istripuen tasak ez du neurri berean behera egin", txostenean sindikatuek azpimarratu dutenez. Lanean erailak izan diren langileak ez ezik, dossierrak adierazten du 2020an 28 pertsona hil zirela amiantoaren ondorioz, baita lanari lotutako minbizia kasuek gora egin zutela ere.
Irakurri hemen Herioa ogibide erreportajea, 2020ko irailean Arteka aldizkarian argitaratutakoa