ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Irekia
2024/11/06 16:58

Aliantza hirukoitz batekin hitzartu dute uda honetan kausa traumatologikoa duten aldi baterako bajak pribatitatzea; Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta CEPYME patronalek egin zuten akordioa. Hori betetzeko helburuarekin, autonomia erkidegoko agintaritzaren eta mutualitate pribatuen arteko itunak egiten hasi dira EAEn, ELAren esanetan.

Neurria langileen osasun-arreta pribatizatzeko aurrerapausotzat jo du ELAk, mutualitateak "enpresak antolatutako entitateak" direlako. Beraz, langileen osasunaren gainetik, euren "funtzio nagusia enpresen etekinak bermatzea" dela salatu du.

Osasun kontseilariak Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenak ere ezbaian jarri ditu. Sindikatuak kritikatu duenez, "osasun-itunak ez du Osakidetza indartzeko helbururik, ez eta pribatizazioei aurre egitekoa ere". Osakidetzan ez dute 2025ean kontratazioa handituko, eta, gainera, arreta traumatologikoa pribatizatu nahi dute gaurdanik.

Funtzionarioen arreta-zerbitzu pribatua, kolokan

Bestalde, Espainiako Estatuan, aseguru-etxeek ez dute Mufacek ematen duen arreta-zerbitzua betetzeko eskaintzarik aurkeztu. Funtzionarioen mutualitatea da Muface, hortaz, 1,5 milioi langile egongo dira kolokan osasun-arretari dagokionez, horietatik 40.000 Hego Euskal Herrian. Mufacek bere gain duen zerbitzua bete ezean, funtzionarioek bi aukera izango dituzte: aseguru pribatu bat kontratatzea, edo osasun-sare publikora jotzea.

Adelas, Asisa eta DKV etxeak ez dira prest agertu Mufaceren zerbitzuaz arduratzeko. Antza denez, gobernuaren aurrekontua ez da nahikoa, hura %17,2 handitu arren. %40ko igoera bat eskatzen dute aseguru-etxeek, iaz milioika euro irabazi zituzten arren.

Adeslas, Espainiako Estatuko aseguratzailerik handienak, 414,58 milioi euroko irabazi garbiak pilatu zituen iaz, aurreko urtean baino %6,6 gehiago. Asisak 1.761 milioi euro fakturatu zituen 2023an, aurreko urtean baino ia %5 gehiago. DKV multinazionalak ere irabaziak handitu zituen: 951 milioi euro fakturatu zituen Espainiako Estatuan, 46 milioi euro garbi metatuz.

NO HAY COMENTARIOS