ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iruñeko kartzela. FOTOGRAFÍA / elDiario.es
2024/11/18 10:23

Hilabete hau hasi zenetik, azaroaren 1etik, preso izan diren pertsonek ez daukate Espetxetik Ateratzeko Subsidioa deiturikoa eskatzeko aukerarik Espainiako Estatuan. Izan ere, egun horretan sartu zen indarrean 2/2024 Errege-Dekretua, eta horrekin desagerrarazi dute kartzelan egondako pertsonek eska zezaketen dirulaguntza espezifikoa. "Langabeziagatiko babesaren arreta-maila sinplifikatzea eta hobetzea" aitzakiatzat hartuta ezarri dute neurria, Nafarroako Salhaketa Presoen Aldeko Elkarteak azaldu duenez.

Orain arte Espetxetik Ateratzeko Subsidioa izandakoa, aurrerantzean, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGD) orokorrak ordeztuko du, eta "aldaketa horrek hainbat kalte eragingo dizkie presoei eta haien senideei", Salhaketaren esanetan. "Araudi berriak, egoera hobetu eta dauden gabeziak zuzendu beharrean, egoera kaltegarriagoa sortzen du preso egon diren pertsonentzat", laburbildu du.

Oinarrizko laguntza bat

Dirulaguntza eskatzeko, hainbat baldintza bete behar ziren: gutxienez sei hilabetez preso egon izana, soldatapeko lanik ez izatea oraindik, eta langabezia-prestaziorik ez jasotzea. Hala, Espetxetik Ateratzeko Subsidioa "funtsezkoa" zen Salhaketaren arabera, preso ohiek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" izan zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean".

480 eurokoa besterik ez zen subsidioa, eta Presoen Aldeko Elkarteak gogorarazi du "muga larriak" zituela. Esaterako, baldintzapeko edo behin betiko askatasunean zeuden pertsonek baino ezin zezaketen eskatu, eta kanpo geratzen ziren hirugarren graduan zeudenak. Pertsona migranteen kasuan, euren egoera administratiboa legeztatuta zeukatenek baino ezin zezaketen dirulaguntza horretara jo, eta aurrez kartzelan lan egin zutenek ezin zuten eskatu.

Araudi berriaren ondorioak

Azaroan indarrean sartu diren aldaketekin, handitu egin dituzte BGD eskatzeko eta kobratzeko epeak, lehengo subsidioa jasotzeko epeekin alderatuta. BGD kobratzeko prozesu burokratikoa bederatzi hilabeteraino luza daiteke gaur egun, Espetxetik Ateratzeko Subsidioa bi hilabete inguruan izapidetu zitekeenean.

Gainera, Salhaketaren arabera, areagotu egin da BGD tramitatzeko burokrazia. Adibidez, gizartze-zerbitzuen txosten bat eskatzen dute orain, preso egon diren pertsonen "gizarte-bazterkeriako egoera justifikatzeko", bakarrik bizi badira.

Hori gutxi balitz, preso ohien senideei ere eragiten die BDri buruzko araudi berriak. Pertsona bat espetxetik irten eta bere senideekin bizitzera joaten bada, eta senide horietako batek BGD kobratzen badu, moztu egingo zaio prestazioa, gutxienez sei hilabetez. Legeria berriak derrigorrezkotzat jotzen du familia-unitate bat gutxienez sei hilabetez "osatuta egotea", eta familiako kide "berriren" bat unitate horretara ofizialki batzen denean, preso ohi bat adibidez, hutsetik hasten da sei hilabete horien zenbaketa.

Eta, bestalde, araudi berriak kanpo uzten ditu "adingabeak barneratzeko zentroetatik liberatutako pertsonak eta desintoxikazio-zentroetatik ateratzen diren pertsonak". BGD jasotzeko "baldintza arruntak" bete beharko dituzte haiek.

Eraginkortasuna aldarri

Nafarroako Salhaketak gaitzetsi egin ditu azken arau-aldaketak, eta "espetxetik ateratzen diren pertsona guztientzako prestazio ekonomiko azkar eta eraginkor bat antolatzeko beharra" nabarmendu du, "espetxetik igarotzea baino baldintza gehiago bete beharrik gabe". "Bere askatasunera baldintza hobeetan itzultzen lagunduko duen" prestazio bat aldarrikatu du kolektiboak, eta "itxaronaldi luzeak, [preso egondako pertsonen] zirkunstantzien burokratizazioa eta beren senideak kaltetzea" ekidingo dituena.

NO HAY COMENTARIOS