ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Fly News
2020/09/03 15:45

COVID-19ari lotutako krisiak gogor astindu du aeronautika sektorea, eta alor honetan jarduten duten enpresen artean, asko dira kaleratze masiboak iragarri dituztenak. Alestis enpresak langileen %46 kaleratuko dituela jakinarazi dute aste honetan bertan, eta orain, UGT sindikatuak jakinarazi du Aciturri enpresak (Aciturriren adarra da Alestis) 214 behargin kanporatuko dituela Espainiako Estatuko lau lantegitan. Euskal Herrian dago lantoki horietako bat, Berantevillan (Araba), eta Miranda del Ebrokoan (Burgos), euskal herritar askok jarduten dute soldatapean.

Uztailean ITP Aero enpresak adierazi zuen beharginen %15 bidaliko zituela kalera (4.000 horietatik erdiek Bizkaiko lau lantegietan egiten dute lan), eta hilabete berean, Aernnovak langileen %20 karrikaratuko zituela esan zuen. Aernnovak 950 behargin ditu soldatapean guztira, eta horietatik 448 Berantevillako lantegian aritzen dira.

ACITURRI ETA ALESTIS

2019ko urrian, Aciturri enpresak Alestisen akzioen %75,94 erosi zizkien Airbus eta Unicaja enpresei, Espainiako Estatuko aeronautika sektorean "erreferentziazko enpresa" izateko. Aciturrik, erosketa hori egin zuenean, enpresaren lehiakortasuna asko handitu zela adierazi zuen, "lan-karga faltarik ez dagoen bitartean". Hortik hilabete gutxira, COVID-19aren pandemiarekin, ekoizpenaren beherakada nabarmena iritsi zen sektorera. Testuinguru horretan, enpresak ehunka behargin utziko ditu kale gorrian.