"Kaleratze errepresibo bat Mercadonan... Beste behin ere". CNT sindikatuak hala eman du Leioako Mercadonan izan den kaleratze baten berri, bere lan-eskubideak gauzatzen saiatzeagatik bidali baitu kalera enpresak. Beharginak zuzendaritzari jakinarazi zion aita izango zela eta aitatasun-baja eskatuko zuela; eta, horrekin batera, lanaldi-murrizketa bat eskatu zuen, lanean jarraitzea eta guraso izatea bateragarri egiten saiatzeko. Legez aitortutako eskubide bat da hura. Bada, enpresak arrazoi hori baliatu zuen langilearen kontra jotzeko.
CNTk salatu duenez, Mercadona orduan hasi zen beharginari jazartzen: esaterako, ordura arte jasotzen zuen soldata-osagarri bat kendu zion arrazoirik eman gabe. Alegazioak aurkeztu eta Auzitegi Sozialera jo zuen langileak, baina enpresak handik gutxira ireki zuen diziplina-espediente bat bere kontra. Lau eguneko epea eman zionerantzun zezan, baina epe hori igaro aurretik, errepresioz esku hartzen jarraitu zuen Mercadonak: kalera bidali zuen langilea.
Kaleratze hori errepresiboa izan dela eta kaltetutako beharginaren eskubideak urratu dituztela salatu du aipatutako sindikatuak, nabarmenduz "bere eskubideak defendatzera ausartzen dena zigortzea" dela Mercadonaren helburua. Langilea berehala har dezatela exijitu du.
Mercadona enpresa erraldoia hainbatetan zigortu dute Espainiako Estatuko auzitegietan, ordezkari sindikalei eta euren eskubideen alde antolatutako langileei jazartzeagatik. Ezaguna izan zen Malagako langile baten kasua 2013an, kaleratu egin baitzuten bere lankideek ordezkari sindikal gisa hautatu zutenean, CNTren zerrendan egonik. Hainbat lurraldetan hedatu ziren kaleratzearen kontrako mobilizazioak. Salatu izan dute, bestalde, enpresak hainbat behargini eskaini izan diela dirua zenbait sindikatu utz ditzaten.